Egungoa baino handiagoa da, zortzi metro luze eta hiru metroko altuera du. Bidaiari kopuruari dagokionez, 17 pertsonak eserita eta 42k zutik bidaiatu dezakete (guztira, 59 bidaiari) eta herritar guztientzako irisgarria da. Horrela da Hernaniko autobus urbano berria.

Ibilgailu berri honekin herriko auzoen eta erdialdearen arteko mugikortasuna erraztu nahi dute. Izan ere, lehenengo linearen, Hernaniko urbanoaren, eskaintzaren ezaugarri garrantzitsuena da ordutegiaren arabera bidean aldaketak egiten dituela institutua bezalako puntuetara iristeko. Zerbitzua astelehenetik larunbatera ematen da, eta eskola egunetan maiztasuna handiagoa du. Egunero, batez beste, 100 bidaiari garraiatzen ditu.

“Esleipen berria egin genuenean, ibilgailu elektrikoa izaten saiatu ginen, baina Hernanik dituen aldapak eta auzo batzuetara iristeko dauden bide estuak direla medio, ez dugu aurkitu zerbitzua behar bezala emango duen mota horretako ibilgailurik”, azaldu zuen XabierLertxundik, Hernaniko alkateak, autobusaren aurkezpenean.

Nolanahi ere, motorra gasarekin hibridatua dago eta ibilgailuek isuri dezaketen kutsadura mugak ezar-tzen dituen Euro 6 Europako araudia betetzen du.

Bestalde, ibilgailua aukeratzerakoan oso kontuan hartu zen Koxka elkartearen iritzia. “Elkarte honetako kideekin etengabeko hartu-emana izan dugu ibilgailu berriak asetu behar zituen beharrak erabaki-tzeko”, erantsi zuen Koro Etxeberriak, Zerbitzu Publikoetako zinegotziak.

“Autobusa aukeratu genuenean, haiek etorri ziren eta egiaztatu zuten egokia zela mugikortasun edo ikusmen murrizpenen bat duten pertsonentzat. Oso gustura gelditu ziren eta gu ere bai”, gehitu zuen.

“Koxkarik gabe sartu eta irten daiteke, bi gurpildun aulkientzako lekua dauka, ume kotxeak eta enkarguetarako karroak eramateko lekua ere badu eta lau eserleku erreserbatuta daude mugikortasun murriztua duten pertsonentzat”, azaldu zuen alkateak.

Udal arduradunek gogorazi zutenez, “Hernaniko Hiribusa Mugi sistemari atxikita dago, eta, ondorioz, Mugi txartelari lotutako beherapenak eskuratzen dituzte bidaiariek. Autobus aldaketak ere doakoak dira”. Beraz, Donostia edo Andoainerako hiriartekotik jaitsi eta auzora joateko transbordoa egingo da, txartel bakarra ordainduta.