Bihartik aurrera hainbat mendi elkarte eta taldeek ekitaldi-sorta antolatu dute Urola bailaran ezarri nahi diren zentral eolikoen inguruko kezka azaltzeko. Tartean, mendi martxak eta hitzaldi ziklo irekia prestatu dituzte. Lehenengo hitzordua gaur izango da, eta EHUko ikertzaile eta irakasle Alvaro Camposek Análisis crítico de la transicion energetica hitzaldia eskainiko du, 19.00etan, Azkoitiko Elkargunean.

Egitasmoaren helburua da “inolako interes milioidunik gabeko adituen eskutik informazio objektiboa ematea, herritarrak arazoaren muina ongi ezagutu eta krisi energetikoari aurrez aurre begiratzeko aukera emateko”. Bestalde, horrelako proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan eragiten dituzten kalteen berri ere emango da. Antolatketan parte hartu dute Anaitasuna Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalatzaile taldeak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Agiro Mendi Taldeak, Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik!-ek.

Datozen asteetara begira, urtarrilaren 22an Oletara mendi martxa eta estazio megalitikoan bisita gidatua antolatu dute. Otsailaren 16an Krisi energetikoa eta aterabide arduratsuak hitzaldia izango da Azpeitiako Soreasu antzokian, Oier Etxeberria Gutierrez Goienerreko energia komunitateen sustatzailearekin eta Aitziber Sarobe Mondragon unibertsitateko irakaslearekin. Bestalde, martxoaren 12an Sañura mendi martxa antolatu dute, apirilaren 23an Elgeako zentral eolikora irteera, eta maiatzaren 4an Crisis energética y de materiales hitzaldia izango da Azpeitian Antonio Turiel CSIC-eko zientzialaria eta Antonio Aretxabala geologo ikertzailearekin.