Zarauzko gaztetxe berria larunbatean irekiko dute. Sare sozialetan idatzi dute “urte berriarekin, berriekin gatoz gu ere. Hilabete luzeetako lanaren ondoren, larunbat honetan irekiko ditugu gaztetxe berriko ateak”.

Hamasei urtez gaztetxea izan zen Putzuzulo Amets Fabrika abuztuan bota zuten eta orain Bizkaia kaleko 61. zenbakiko eraikinean irekiko dute gaztetxe berria.

Gauzak horrela, larunbatean estreinatuko dute gaztetxe berria. Aurkezpen ekitaldia eguerdiko 12.30ean egingo dute gaztetxean bertan.

Ondoren, 14.00etan brindisa eta bazkaria egingo dute. Bazkaltzera joan ahal izateko sare sozialen bidez hartu beharko da tokia.

Bazkaldu eta gero, Aitor Martinez musikariak kontzertua eskainiko du eta amaitzeko, 17.30 inguruan poteoa egingo dute herrian zehar..