Hiru ikastaro antolatu dira Urretxun urte hasiera honetarako: pintura eta marrazketa, giza irudi marrazketa eta taila. Lehenengo bietan izena emateko, Aizpurunea kultur etxera deitu behar da: 943 038 088 telefono zenbakia. Egurrezko taila ikastaroan izena emateko, berriz, Txiribiri elkarteko kideekin harremanetan jarri behar da gaur edo bihar, 16.30etik 18.30era. Beraien lokalera jo daiteke edo 606 339 834 telefono zenbakira deitu.
Pintura eta marrazketa ikastaroa asteazkenean hasiko da. Saioak asteazkenetan izango dira, 18.30etik 20.30era, Urretxuko Aizpurunea kultur etxeko goiko solairuan. Irakaslea Aitor Etxeberria izango da. Ikastaroa Urretxuko Udalak antolatu du eta parte-hartzaileek kuota ordaindu behar dute. Hileko 15,50 euro, hain zuzen ere.
Giza irudi ikastaroa, berriz, otsailaren 7an izango da: 18.30etik 21.00etara, Urretxuko kultur etxean. Ikastaro hau ere Udalak antolatu du. Begiralea Josu Maroto izango da. Parte-hartzaileek 10 euroko kuota ordaindu behar dute. Programa honetako hiru saio edo gehiagotan izena ematen dutenek, %25eko deskontua izango dute.
Bukatzeko, egurrezko taila ikastaroko saioak asteazkenetan izango dira. Lau ordutegi egongo dira aukeran: 9.00etatik 11.00etara, 11.00etatik 13.00etara, 15.30etik 17.30era eta 17.30etik 19.30era. Irakaslea Fran Arzuaga izango da eta saioak elkartearen egoitzan izango dira (Belaustegi plaza). Kuota 50 eurokoa da.