Duela hainbat hilabete martxan jarri zuen Azpeitiko Udalak Arana kaletik auzo horretarako igogailua eta orain beste hainbat obra ere burutu dira. Beste zenbait lan datorren urtean egingo dira eta, bide honetan, aurrerapauso handia egingo da herriko auzune honetan irisgarritasuna bermatzeko.

Arana eta Arana Goikoa auzoak lotu dituen igogailua egitearekin batera, inguru osoan irisgarritasuna hobetzeko hainbat eskaera egin zituzten auzotarrek. Bide honetan, eta eskariei pixkanaka erantzuna emanez, Azpeitiko Udala zenbait lan gauzatzen ari da.

Orain egin dena izan da Aranagoikoa 7 eta 12 etxe-atarien arteko zatia irisgarria bihurtzea. Hala, Art Eraikuntzak enpresak egindako obra dagoeneko bukatuta dago. Horretarako 111.101,12 euroko inbertsioa egin du Udalak.

Obra hori bukatuta, epe motzean, Gipuzkoako Urak-ek hainbat ur-hoditeria aldatzeko egiten ari den lanen baitan, auzoko espaloiak berrituko dira. Udala auzotarrekin bildu da eta jakinarazi zaie zein-tzuk diren lanen nondik norakoak. Obrak laster hastea aurreikusten da.

Eta, horrekin batera, auzotarrek Aranagoikoa 17 eta 19 etxe-atarien inguruko irisgarritasuna hobetzea ere planteatu zioten Udalari egindako bileretan. Horrela lan horren inguruko proiektua egina dago eta obra leihaketa publikoan dago une honetan, esleipen prozesuan. Beraz, datorren urtearen hasieran obra horiek ere hastea aurreikusten da.