Errenteriako Udalak jaiegun hauetan suziriak eta petardoak ez erabiltzeko eskatu die herritarrei, suteak sor daitezkeelako. Aldi berean, ohartarazi dute zaratak hipersentiberak diren herrikideentzako oso kaltegarriak direla.

Edonola ere, indarrean dagoen Lehergailuen Araudia gogorarazi nahi die Udalak herritarrei. Honen arabera, debekaturik dago honako artikulu piroteknikoak saldu eta erabiltzea, kategoria eta adinaren arabera sailkatuta: 1. kategoria, hamabi urtetik beherakoei, 2. kategoria, 16 urtetik beherakoei eta 3. kategoria, 18 urtetik beherakoei.

Bestalde, suziri eta petardoak pisu eta etxebizitzetako balkoietatik eta leihoetatik jaurtitzea debekaturik dago, baita lokal itxietan eta pertsonak biltzen diren lekuetan erabiltzea ere.

Azkenik, leherkari txiki hauek dakarten arriskuak eta albo-kalteak azpimarratu ditu, inguruan daudenek min hartzeko arriskua dutelako.