Haur, gazte eta helduei zuzenduriko ekintzez betetako egitaraua prestatu dute Urnietako Udalak eta herriko elkarteek aste honetatik aurrera eta Gabonak amaitu arte.

Musika gustuko dutenek Lourdes Iriondo musika eskolako ikasleen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute Sarobe arte eszenikoen gunean. Abenduaren 19an eta 20an kontzertu orokorrak eskainiko dira 18.30ean. Eta abenduaren 21ean, berriz, musika tailerreko ikasleak entzuteko aukera izango da 17.00etan. Egun bereko 19.00etan, ostera, piano entzunaldia egongo da.

Herriko txikienek ludotekan eskaintza zabala topatuko dute. Abenduaren 26an ipuin kontaketa izango da Marisa Tabernerorekin bost eta sei urtekoentzat; eta eskulanak eta jolasak egongo dira 27an, zazpi eta zortzi urtekoentzat; 28an, bederatzi eta hamaika urte artekoentzat eta 29an, bost eta sei urtekoentzat. Azkenik, urtarrilaren 2an Marisa Tabernerok beste ipuin kontaketa eskainiko du hiru eta bost urte artekoentzat. Ekintza guztiak 17.00etatik 18.30era garatuko dira.

Kiroldegian bestalde, jolas erraldoiak izango dira urtarrilaren 3an, 16.30etik 18.30era bitartean. Hurrengo egunean, aldiz, puzgarriak egongo dira, goiz eta arratsaldez.

Gainera, ohiko moduan, abenduaren 23an, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da Egape dantza taldeak antolatuta. Berrasoeta parketik San Joan plazaraino ibilbidea gauzatuko dute 17.30k inguruan hasita.

Azkenik, Errege Magoak ere iritsiko dira Urnietara, urtarrilaren 5ean, hain zuzen. Gaspar, Baltasar eta Meltxor erregeek oparitxo bana emango diete Urnietan erroldaturiko zero eta sei urte bitarteko haurrei.