Abenduaren 3an, Euskaraldiaren amaierarekin batera, Euskararen Eguna hasiko da eta Zarauzko Udalak hurrengo larunbatean ospatuko den egunaren baitan antolaturiko ekimenen egitaraua aurkeztu du.

Aurten ere, eguneko kartela osa-tzeko Udaleko Euskara departamentuak pegatina eta meme lehiaketa antolatu du herriko ikastetxeetako ikasleen artean. Aurtengo pegatina irabazlea eta Euskararen Eguneko kartelean agertzen dena Leire Anituarena izango da. Bigarren saria Ane Morenok lortu du eta hirugarrena Wissau Challalenek. Meme lehiaketaren irabazleak Isabel Martin, Jon Sayalero eta Ane Gurrutxaga izan dira.

Euskararen Eguneko egitarauari dagokionez Euskara departamentuak ekimen ugari antolatu ditu. Zati handi bat Zarauzko ikasleentzat zuzendua dago. Adibidez, gaur, bihar, etzi eta abenduaren 1ean Didau Antzerki Faktoriak beraien Hazia, abentura handi baten istorio txikia antzezlanaren emanaldiak eskainiko ditu lehen hezkuntzako ikasleentzat. Abenduaren 2an Zarauzko DBH1 eta 2ko ikasleek Apaxi Ipuin Kontalariaren bisita jasoko dute.

Gaur, 9.00etatik 11.00etara Batxilergoko eta Lanbide Heziketako lehen mailako ikasleak Modelo Aretoan egongo dira Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen Baga, biga, higa: euskal musikagintzaren historia ikuskizunaz gozatzeko. Abenduaren 7an, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek Durangoko Azoka bisitatuko dute.

Bihar, Udal Pleno Aretoan, Bai Euskarari ziurtagiriaren hitzarmenaren berritzea eta diploma banaketa egingo da. Ostiralean Hondamendia antzerki obraren emanaldia izango da Modelo Aretoan 20.00etan.

Azkenik, Euskararen Egunean hainbat ekitaldi egongo dira adin guztietako jendearentzat. 12.00etan Muxikoak taldearen plaza dantzaz gozatzeko aukera izango da Musika Plazan. Ordu berean, Zarautz Kantuan kantu jira abiatuko da Lege Zaharren enparantzatik. 16.30ean Nire Zirkua zine emanaldia egongo da haurrentzat (abenduaren 4an baita ere). Azkenik 19.00etan Musika Plazatik hasita, Trikitixa Kalejira irtengo da. – P. Amundarain