Zahartzeak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko asmoz lanketa desberdinak egin ditu Azpeitiko Udalak azken urteetan. Hori dela eta, pandemia aurreko azken urteotan 65 urtetik gorako azpeitiarren bizi-kalitatea, baldin-tzak, bizi-ohiturak eta beharrak zeintzuk ziren jakiteko ikerketak egin zituen Baigera jubilatu eta erretiratuen elkartearen eskutik.

Orain, berriz, 65 urtetik 80 urte artean dituzten eta bakarrik bizi diren eta gizarte zerbitzuetako erabiltzaile ez diren adinekoen artean egingo da ikerketa, beti ere, “pandemiaren eraginak aztertu eta horiek murrizteko neurriak hartu eta baliabideak eskaintzeko”.

Leire Goenaga, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Patxi Altzibar eta Maite Garmendia Baigerako kideek eta Garazi Etxaniz, ikerketa egingo duen gizarte langileak, orain dela egun batzuk eman zuten aste honetan bertan abiatuko den ikerketaren berri.

Goenagak azpimarratu zuenez, covid-19ak eragindako pandemiak eragin zuzena izan du adinekoen egoeran. Bere hitzetan, “herritar guztioi eragin digu pandemiak, eta adinekoei zer esanik ez. Ikerketa honekin batez ere, adinekoen artean eginak ditugun ikerketa horien eguneraketa moduko bat egin nahi dugu eta zaurgarrienak izan daitezkeen kolektibotik hasiko gara, bakarrik bizi direnengandik Eta horri eran-tzun asmoz ikerketa berri bat egingo dugu. Oraingoan, batez ere, bakarrik bizi diren adinekoengana joko dugu duten bizi kalitatearen berri jasotzeko. Ulertzen dugu bakarrik bizi diren herritar horiek izan daitezkeela zaurgarrienak eta babes gutxiena dutenak, eta oraingoan horien egoeraren berri jaso nahi dugu”.

Zehazki, 65 urtetik 80 urte artean dituzten, bakarrik bizi diren eta gizarte zerbitzuetako erabiltzaile ez diren adinekoen artean egingo da ikerketa; guztira 350 azpeitiarrengana joko dute galdetegia egiteko. 

Baigera elkarteko Patxi Altzibarrek, berriz, elkarlanaren balorazio positiboa egin zuen: “Urteetako elkarlana dugu, behar batetik abiatuta hasi ginen lanean. Pertsona zaurgarrien egoerak aztertu eta hobetzeko helburuz hasi ginen lanean. Hasieran ez zen erraza izan, gaur egun, oraindik erakundeetatik etxeraino galdeketa egitera joatea ez da ohikoa. Esango nuke Azpeitian egiten den bezala oso leku gutxitan egiten dela”. Bere ustetan, azken urteotan aurrerapausoak eman dira eta egindako ikerketek beren emaitza izan dute: “Gaur da eguna azpeitiar adineko askok laguntzak jasotzen dituztena”, nabarmendu zuen.

 Edonola ere, aste honetan bertan hasiko dira ikerketa egiten eta  Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbi-tzuetako Garazi Etxaniz gizarte-langilea jarriko da bakarrik bizi diren adinekoekin harremanetan, elkarrizketa labur bat egiteko. Adineko azpeitiarren beharrei erantzungo dieten programak diseinatu eta abian jar-tzeko garrantzitsua da galdetegia ahalik eta adineko gehienek erantzutea. Beraz, Udaleko eta Baigerako ordezkariek herritarrak animatu nahi dituzte galdetegia erantzutera.