Datorren urtean azken hamarkadako aurrekonturik altuena izango du Usurbilgo udalak, 13.168.200 eurokoa, aurtengoa baino %2 gehiago. Igoera honek inbertsio ahalegin handia egiteko aukera emango du (1,5 milioi euro). Gainera, dirulaguntzetara bideratutako diru kopurua igo egingo da: guztira, 1.088.463 euro izango dira, aurrekontu osoaren %8,7. Herritarren eta oposizioaren ekarpenak jasota, aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartu asmo dituzte. Gobernu taldeak aste honetan 2023ko aurrekontu proposamena aurkezten ari da auzoz auzo.

Aurrekontuaren atzean hiru arrazoi nagusi daude: foru funtsaren igoera, enpresa elektrikoen tasen igoera eta Zapategi industrialki garatzeko lortutako akordioari esker, Udalak izango duen ezohiko diru-sarrera. Beñat Larrañaga zinegotziak aste honetan egindako agerraldi batean azaldu zuenez, “gizartearen gaur egungo erronkei tokitik, Usurbildik, erantzuteko helburuarekin” egin dituzte: “Pandemia lehertu zenean, estaldura soziala handitzeko apustua egin genuen, eta bide hori jorratzen jarraituko dugu”.

Larrañagaren esanetan, Zapategiko garapenari esker, Udalak izango duen ezohiko diru-sarrerak gastuak orekatzea eta inbertsio ahalmena handia izatea ahalbidetuko du. “Ia kapitulu guztiak igo ditugu, batik bat, gastu arruntei lotutakoa, baina, horrez gain, Legealdi Planean jasotako hainbat proiektu estrategiko abiaraziko ditugu, eta dirulaguntzetara bideratutako diru kopurua nabarmen igoko dugu, kulturako zein zahar egoitzetako elkopuruetara itzularazita”.

Ainhoa Arrozpide zinegotziak inbertsio estrategiko batzuk aipatu zituen. Esaterako, Kalezarko igogailua eraikitzeko Aldundiak, Matiak eta Usurbilgo Udalak sinatutako akordioaren baitan, 300.000 euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu zuen Udalak. Kopuru horren erdia, 150.000 euro, 2023ko aurrekontuetan jaso dituzte.

Gainera, Txirikorda ekipatzeko 157.000 euro erabiliko dituzte. Obrak bide onean doaz, eta esleipenak egiteko ordenantzari ere bide eman zioten urriko osoko bilkuran. Datorren urtean, herritarrak bertan bizitzen hasteko moduan egongo da, eta, beraz, oinarrizko ekipamenduak jartzeko bideratuko dute inbertsio hau.

Zumartegiko ibai ertza lehengoratzearekin jarraituko da. Aurten gerakinetik erabilitako diruaz gain, 2023ko aurrekontuetatik 132.000 euro bideratuko dira. “Proiektu honen bidez, ibai ertza txukundu eta biziberrituko dugu, herritarrei natur eremu berri bat eskainiz eta herritarrak erriora gerturatuz”.

Bestalde, Haraneko zelaia berrituko da. Larrañagak gogorazi zuenez, gaur egungo Harane duela 16 urte egin zen, eta ordutik ez da berritu futbol zelaiko belarra. Belar artifizialek, oro har, hamar bat urte irauten dute, fabrikatzaileen esanetan. “Hasierako urteetan erabilera ez zen egungoa bezain handia, eta horrek ahalbidetu du berritzea atzeratu ahal izatea. Egun, ordea, Usurbilgo Futbol Taldea bere historiako momenturik osasuntsuenetarikoan” dago: 18 talde eta 290 kirolari inguru hartzen ditu, eta azken bi urteetan emakumeen taldeek izandako gorakada nabarmendu zuen. “Momentu honetan, beraz, beharrezkoa da aldatzea, baita osasunagatik ere, belarraren egoera kaskarrak lesioak eragin ditzakeelako”, azpimarratu zuen.

Trantsizio energetikoari dagokionez, 2023an 90.000 euro bideratuko dira herriko argiteria berritzeko. Izan ere, 2021ean herriko argiteria publikoaren ikerketa burutu zen eta energia kontsumoa gutxitzea eta sistema eraginkorragoak ipintzea aztertu zen. Inbertsio handia denez, urtero partida bat gordetzen du Udalak bide hori jorratzeko. Gainera, 42.000 euroko partida baten bidez, hainbat helburu bete nahi dira: Agerialden eguzki plaka gehiago instalatzea, energia komunitateari bultzada bat ematea eta auto konpartitua sustatzen jarraitzea.

Auzoetan ere hobekuntza asko egingo dira, hala nola Kalezarren, haur eskolako aldapa urbanizatu eta azpiegiturak berritzea (158.000 euro) edo Aginagan burutuko diren hainbat inbertsio: Elutx bidea (160.000 euro), eliza zaharra (20.000 euro), aparkalekua: 22.000 euro (2022an, beste hainbeste) eta N-634 errepideko semaforoa (14.000 euro)