HernaniKomik azokaren lehenengo edizioari esker, Hernaniko Atsegindegi plaza ostiralean eta larunbatean euskarazko komikilarien eta komikizaleen topagunea izango da.

Euskarazko komikigintzak azken hilabeteetan eman dituen lan esanguratsuenen erakusleihoa izango da eta sormen lan berriak erosi ahalko dira.

Komikien aurkezpenak izango dira ostiralean eta larunbatean; hala nola, Haur besoetakoa (Unai Iturriaga eta Alex Sanvicente), Laboa (Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe), Black is beltza II: Ainhoa (Susana Martin), Utzi azalari (Axpi), Lurbinttoko ohoinak (Adur Larrea) eta Sua: Sutagar (Alex Tello eta Julen Ribas).

Aurkezpenak ez ezik, bisita gidatuak, marrazketa inprobisazioak (Asisko Urmeneta eta Eider Eibar) eta zine eta musika emanaldiak ere izango dira. Gainera, ibilbide profesional osoa goraipatzeko Joseph Camino saria emango zaio Jon Zabaleta marrazkilari eta ilustratzaile hernaniarrari. Egitarau osoa eta ordutegia hernani.eus webgunean ikus daiteke.

Egitarau ofizialetik kanpo ere izango da zer ikusirik. “Komikigile eta argitaletxe batzuk, azoka hau antolatzen ari ginela jakin zutenean, gurekin harremanetan jarri ziren parte hartu nahi zutelako”, adierazi zuen aurkezpenean Mikel Begoña marrazkilariak. Beraz, egitaraua itxita egon arren, Nabarraldeko Gasteiz 1200 eta Harriet argitaletxeak plazaratu duen lehen euskarazko manga (Tomomi Usuiren Cube Arts) ere aurkeztuko dituzte Hernanin.

“Zaletuentzat aukera paregabea da, komikigileen eta zaletuen artean topagune bikaina delako, eta hain zaletuak ez direnentzat, komikigin-tzara gerturatzeko aukera ere badelako!”, esan zuen Koro Murok Harriet argitaletxeko arduradunak.

“Komikilariok beste azoka batzuetan parte hartzen dugu, baina, inon, ezta Euskal Herriko azoketan ere, ez digute euskarazko sortzaileei txoko berezi bat eskaintzen”, nabarmendu zuen Mikel Begoña marrazkilariak. Dena dela, “urtero berritasunak eta lan garrantzitsuak argitara-tzen dira eta horiek erakusteko azoka baten beharra zegoen”, iritzi zion Dani Fanok, Xabiroi aldizkariaren koordinatzaileak.

Hernaniko Udalak antolatu du HernaniKomik, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Harriet argitaletxearen, Xabiroi aldizkariaren eta Gaueko komiki dendaren laguntzarekin. Liburutegiko Rakel Gonzalez aritu da buru-belarri azoka antolatzen. Lehen edizioak izan duen harreraz ohartuta, etorkizun oparoa ikusten diote antolatzaileek.