%71,5 da euskararen erabilera Oñatiko kaleetan, hau da, hamarretik zazpik euskaraz egiten dute berba. Horixe da iaz egindako Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren ondorietako bat. Soziolinguistika Klusterreko aditu den Maialen Iñarrak aditzera eman zuenez, azken hamarkadan erabilera 7,5 puntu hazi da.

Behaketa 2021eko irailaren 18tik urriaren 17ra egin zuten. “Azken hamar urte hauetan hiru aldiz egin da kale neurketa. 2011tik 2016ra igoera bat ikusi zen, eta azken urte honetatik 2021era ere bai. Beraz, tenden-tzia orokor baten aurrean gaudela esan daiteke”, aipatu zuen Iñarrak.

Hilabeteko epean 1.300 elkarrizketa behatu zituzten. Guztira, 4.000 solaskide. Datuek erakusten dute, gainera, haurrek eta gazteek gehiago egiten dutela euskaraz adin berekoen arteko elkarrizketetan beste adinetakoekin baino. Eta beste herri batzuetan ez bezala, gizonezko oñatiarrek joera handiagoa dute euskaraz hitz egiteko emakumeek baino.

Bestalde, haurren ia %90ek euskara erabiltzen dute, nahiz eta datu hori zertxobait jaitsi den azken behaketarekin alderatuta. San Lorentzon, Olakuan, herrigunean eta Errekalden egin zituzten neurketak, eta ibilbideari lotuta ere, eremu guztietan igo dela erabilera ondorioztatu dute.

Aldi berean, Oñatiko errealitatea Gipuzkoakoarekin eta Debagoienakoarekin alderatuta askoz hobea da: lurraldean %30,6k egiten du euskaraz kalean, eta Debagoienean, ordea, %42,6k. Aurrera begirako erronken artean, haurren eta gazteen joeretan arreta jartzea dago. – A.D.