EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin, Oiartzungo azkeneko ohiko udalbatzarrean lehen sektoreko proiektuak bultzatzeko dirulaguntza deialdia egitea adostu zuten. 58.000 euro bideratuko dituzte Oiartzunen garatzen diren sektore honetako ustiapenak eta proiektuak laguntzera.

Nekazaritza ustiategien jarraipenari bultzada eman nahi dio Udalak horrela, landa ingurunearen garapen ekonomikorako eta familia nekazaritzatik ahalik eta jende gehien bizitzeko oinarrizko bitarteko baitira.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1a bitarte egindako gastuak laguntzeko izango da dirulaguntza: inbertsio eta ustiategien hobekun-tzak; nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa; baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak; berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak; nekazaritza erabilerarako ur gastuak; abereen bazka eta pen-tsuen ordainketa… izango dira lagunduko diren kontzeptuak.

Eskaerak egiteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik abenduaren 1a bitarte egongo da irekita. Informazio guztia Oiartzungo Udalaren web orriko Iragarki Taulako Dirulagun-tzak atalean egongo da eskuragarri.

Landu ziren gainontzeko puntuetan adostasuna izan zen nagusi. Landetxeko eraikin berriko obren kontratuan aldaketak onartu zituzten: bukatzeko epea luzatzea eta hasieran onartutako prezioa 75.738,74 euro (BEZ gabe) handitzea, kontratua sinatu zenean aurreikusi ezin zitezkeen atzerapenei eta materialen prezio igoerei aurre egiteko.