Maskulinitate berriei buruzko programa antolatu du Udalak Zumarragan. Erakusketa, tailerra eta hitzaldia egongo dira.

Erakusketa atzo ireki zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Piper Txuriak taldearen erakusketa honetan maskulinitate berriari buruzko argazkiak eta testuak ikus daitezke. Hilaren 11 arte egongo da zabalik, kultur etxeko sarreran.

Tailerrei dagokionez, bi egongo dira: nerabeei zuzendutakoak eta gainontzeko herritarrei zuzendutakoak. Izena emateko, berdintasuna@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Hitzaldia urtarrilean izango da. Octavio Salazar Benitezek emango du. Salazar jurista da eta genero borrokari buruzko lanengatik egin da ezagun. Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministako kidea da. Hainbat komunikabidetan kolaboratzen du eta maskulinitate hegemonikoari buruzko hainbat lan idatzi ditu.

Programa atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Piper Txuriak berdintasunaren aldeko gizonen taldeko Juanma Feitok parte hartu zuten. Gonzalezek gizonezkoak tailerrean parte hartzera animatu zituen. “Generoa eraikun-tza kultural bat da. Tailerrekin, gizonei generoa desegiteko bidean lagundu nahi zaie eta berdintasunaren eta justiziaren aldeko jarrera aktiboa izan dezatela bultzatu”. – A.Z.