Landetxe eraikineko lanak bukatzear daude eta bertan, beste zerbitzuez gain, jubilatuen egoitza kokatuko da, Udalak esan duenaren arabera.

Azkeneko hilabeteetan, Udalak bultzatuta, burututako parte-hartze prozesu baten bidez, egoitzak izango dituen elementuak erabaki zituzten jubilatuek. Egongela handi bat, tailer gela bat, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua izango ditu. Taberna izango du ondoan eta Gazte Izanak elkartearen bulegoa ere bertan egongo da. Hori guztia, lehenengo solairuan, 172,68 metro koadroko eremuan egongo da.

Espazio hauetan kultur ekintzak, tailerrak, solasaldiak, ikastaroak, hi-tzaldiak, txapelketak… antolatuko dituzte urte osoan zehar. Elkarte ezberdinek elkarlanean kudeatuko dute jubilatuen egoitza eta herriko edozein jubilatuk izango du bertan parte hartzeko aukera.

Auzoz auzo egin diren zortzi saioetan 101 pertsonek parte hartu zuten eta guztien artean guneak izan behar dituen balioak zehaztu eta egin nahiko lituzketen ekintzak zerrendatu zituzten. Urriaren 19an aurkeztu zituzten prozesuaren emaitzak.

Parte hartu zutenek nabarmendu zutenez, garrantzitsua da gunea Oiartzungo erretiratu eta adineko guztien elkargunea izatea. Izan ere, herrian asko dira adinekoekin eta erretiratuekin aritzen diren eragileak: Gazte Izanak, Duintasuna, HELTA, Petra Lekuona, Killirikupe emakume taldea, Bidelagun, Torri Gukin… Guztien artean, parte-har-tze saioetan atera ziren behar eta interesei erantzuteko eskaintza zabala eta irekia osatuko dute. Gainera, edozein erretiratuk izango du proposamenak egin eta ekintzak antolatzeko aukera.