Ordu aldaketaren ondoren, goiz bueltak egiten hasiko dira Inda Mendi elkartekoak. Murugainera joango dira igandean, Arrasate ondoko mendira. Kondairak dioenez, herensuge bat bizi zen bertan eta horregatik omen datorkio Mondragon izena (Monte de dragón). Ibilbidea Garagartza auzoan hasiko dute eta Murugainez gain Asentsiomendi mendia gaindituko dute Apotzaga auzoan amaitzeko.
Guztira, hamabi kilometro eta 770 metrotako desnibel metatua izango dira, beraz, zailtasun teknikorik ez duenez, mendizale maila guztiei zuzendutako txangoa da, baita haurrentzat ere.
Izena ostiral eguerdia baino lehen eman daiteke goiko estankoan (943 860 357) edo www.indamendimb.eus-en. Autobusa 7.30ean irtengo daTxomin Agirreko geltokitik. Helduek zazpi euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek bost.