Datorren legegintzaldian kargua errepikatu nahi du Jorge Segurado alkateak. Horretarako, bere taldearen babes osoa du.

Atzo agerraldi batean jakitera eman zutenez, Urnietako Uri Buru Batzarrak Jorge Segurado Iriondo aukeratu du datozen udal hauteskundeetan EAJ/PNVren zerrendaburua izateko.

Esker oneko hitzekin, alkategai jeltzaleak “alderdiak, Gipuzko Buru Batzarrak eta urnietarrek beregan jarritako konfiantza” azpimarratu nahi izan zuen eta honela berretsi zuen bere konpromisoa: “Emandako aukera eta konfiantza hau, datorren maiatzeko hauteskundeetan emaitza on batzuekin itzultzeko asmoa dut”. Jarraian, “Urnietaren eta urnietarren alde egiten duen herri-proiektua garatzen jarraitzeko gogoz eta ilusioz” aurkitzen dela erantsi zuen.

52 urteko urnietarrak 20 urte baino gehiago eman zituen aparejadore eta eraikuntzako ingeniari lanetan, 2015ean udaletxean zinegotzi gisa jardun zen arte, Hirigintza gaietako arduradun lanetan. 2020 urtean Mikel Pagolaren lekukoa hartu, eta alkate moduan buru-belarri lanean aritu da orain arte.

Pagola alkate ohiarentzat ere esker eta miresmen hitzak izan zituen Seguradok; baita, “uneoro alboan” izan duen eta “bere onena eman duen” udal taldearentzat ere. Izan ere, “pandemia baten erdian, erraza izan ez den arren, arazo eta beharrei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du EAJk Urnietako udaletxean” eta, horrela, “herriarentzat egokienak diren erantzunak ematen” jarraituko dutela agindu zuen, “herri proiektu sendo batekin”. l