Udalak jarduera sorta zabala antolatu du Hondarribian, datorren azaroaren 18an hasiko den Euskaraldia behar bezalakoa izan dadin. Hiriko Euskaraldiko dinamizatzaileak, Mertxe Gerrikok, aste honetan jakitera eman duenez, “ekitaldi horietan aurtengo Euskaraldiaren erronkak azaldu eta urte hauetan guztietan egon diren lorpenak mahaigaineratuko dira”.

Jarduerak festa giroan ospatuko dira eta herritarrak hauetan parte hartzera gonbidatu zituen Gerrikok. Izan ere, Euskaraldian izena emateko epea urriaren 28an irekiko da Hondarribian eta aurretik parte-hartzaileek ahobizi eta belarripresten paperak ondo ezagutzea garrantzitsua dela azpimarratu izan nahi du dinamizatzaileak.

Aktibitateak era askotarikoak izango badira ere, berezitasun nabariena Kordo Ortega historialariak Arkolla eta Jaitzubia auzoetan eskainiko dituen bisita gidatuak dira. Lehenengoa Arkolla auzoan egingo da hilaren 16an, igandea. Interesa dutenek, goizeko 11.00etan Arkollako auzo elkartera hurbiltzera gonbidatuta daude (ez da beharrezkoa izena ematea). “Lehenik Santiagorako bidea azalduko dut, baseliza bisitatuz eta ondoren 400 urte dituen baserri bat ikusiko dugu”, zehaztu du Ortegak.

Hurrengo hitzordua urriaren 23an Jaitzubiako auzo elkartean izango da eta bertan, txakolinaren eta sagardoaren mundua azalduko ditu Ortegak: “Hondarribian horrek izan duen eragina, duena eta izango duena azalduko dut”.

Bi bisita gidatu hauez gain, hitzaldi didaktikoak eta euskaraz ekiteko ekitaldiak antolatu dira. Esaterako, urriaren 13an Hondarribian egin den hizkuntzen erabileraren neurketaren aurkezpena egingo da, Kultur Etxean, 18.30ean.

Hilaren 15ean eta 19an Euskaraldiko informazioa helaraziko zaie hondarribiarria: 15ean mahai informatibo bat ipiniko da San Pedro kalean (11.30ean) eta 19an hitzal didaktiko bat egingo da Kultur Etxean (18.30ean). Urriaren amaieran, hilaren 28an, hitzez ekiteko gune ibiltaria prestatuko da portuan (ordua zehazteke dago).

Azaroan hiru ekitaldi gehiago ospatuko dira. Lehengoa Balazta elkartean hiriran zehar antolatu duen bizikleta irteera izango da, hilaren 5an. Azaroaren 12an, Euskaraldiko mahai informatiboa San Pedro kalean izango da berriz ere, azoka egiten den bitartean. Amaitzeko, hilaren 19an bertso afari bat egingo da Itsas Lur elkartean.