Agiña auzoko pilotalekua luzatu eta itxiko du Udalak, Zumarragan eguraldi txarra egiten duenean ere bertan ekitaldiak egin ahal izateko. Obra datorren astean amaitzea espero dute.

Frontoiaren estalkia hiru bat metro luzatu behar dute atzealdera eta ondoren atzealdea metakrilatoarekin itxiko dute. Hala, euriari eta haizeari ateak itxiko dizkiote.

Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin zuen asteazkenean Agiñan, egitasmoaren berri emateko. “Bizilagunek urte asko zeramatzaten pilotalekua eskatzen eta 2011n egin genuen. Agiña entitate singular izendatua dago eta horri esker Europar Batasunaren diru-laguntza lortu genuen”, gogoratu zuen.

Pilotalekua auzotarren topaleku izateko ere jaio zen, baina eguraldi txarra egiten duenean ez da toki erosoa. “Pilotalekuaren orientazioa dela eta, atzealdea ixteko beharra ikusi dugu. Horri esker, urte guztian zehar egin ahal izango dira ekitaldiak bertan. Aurrekontua 79.000 eurokoa da”.

Erein funtsak

Oraingoan ere Europar Batasunaren laguntza lortu da. “24.000 euroko laguntza lortu dugu, Erein funtsetatik. Eusko Jaurlaritza da Europak landa guneen garapenerako ematen dituen laguntza horiek kudeatzen dituena. Laguntza horien guztien helburua landa guneetako bizilagunek bertan bizitzen jarraitu ahal izatea da”, azaldu zuen alkateak.

Joan zen asteko osoko bilkuran Soraitz eta San Kristobal auzoak ere entitate singular izendatzea onartu zen. Horri esker, auzo horietan garatuko diren egitasmoek ere Europar Batasunaren diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte.