Covid-19aren pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ondoren, Juneren Hegoak elkarteak bere egun handia ospatuko du Errenterian datorren urriaren 15ean. Antolatzaileek aditzera eman zutenez asteazken honetako agerraldian, Gernika plaza “alaitasunez, musikaz eta elkartasunez” beteko dute.

Honela, 10.30etik 13.30era, puzgarriak, eskulanak eta aurpegi margoketak egongo dira. Guuk Gipuzkoa Basketek ere bere lekua izango du, elkartearekin lankide-tza hitzarmena baitu. Alabaina, goizeko plater nagusia 501 Legioko eta Indar Arrosako tropa inperialetako pertsonai karismatikoen bisita izango da.

Arratsaldean, 17.00etan, Elipsis taldeak dantza erakustaldia egingo du. Ondoren, Joxan Campano pandemian hil zen Juneren Hegoak elkarteko kideari omenaldia egingo zaio. Urrezko amaiera Oihan Vega Djak jarriko du. Luisma Laboa kazetariak egingo du speaker lana eta berak aurkeztuko ditu ekitaldiak eta bertan daudenak animatu.

Egun osoan zehar, Mindara, Bihotzez, Bpanspain (Juneren Hegoak-eko umeen familietako bat ere badena) eta Mowat Wilson Sindromearen Espainiako Elkartea (AESMOWI) izango dira Gernika plazan, informazio eta merchandising postuekin.