Ostiral honetan Zumarragako Etxeberri auzoko jaiak hasiko dira. 18.00etan txupinazoa egingo dute eta buruhandiak aterako dira. Ondoren, haurrentzako jolasak egongo dira. 19.00etatik aurrera, haurrek puzgarrietan jolasteko eta Minichef ekitaldian parte hartzeko aukera edukiko dute. 20.00etan patata tortilla lehiaketa hasiko da. Oleta tabernan eman behar da izena. Ordu berean poteo herrikoia hasiko da eta urdaiazpikoa dastatzeko aukera egongo da, Antonio Lopezen eskutik. 21.15ean epaimahaiak erabakia hartuko du. Bukatzeko, 22.30etik aurrera DJ Osmarekin dantza egingo dute.

Larunbatean ere makina bat ekitaldi egongo da. 12.00etan toka txapelketa hasiko da (16 urtetik gorakoek parte hartuko dute). Ordu berean, mahai jolasak egongo dira. 12.30ean pentatloi txapelketa eta Inaxio Perurena harri-jasotzailearen erakustaldia egongo dira. 13.30ean poteo herrikoia hasiko da eta 16.30ean mus txapelketa.

17.30ean, nahi dutenek Scape Room-ean eta auto simulagailuan jokatzeko aukera izango dute. 18.00etan mahai-futbol txapelketa hasiko da, 18.30ean eskulan tailerra eta 19.30ean gastronomia lehiaketa (untxi egosia prestatuko dute) eta Eriz magoaren saioa. 21.00etan epaimahaiak bere erabakiaren berri emango du eta 22.00etan kuadrillen afaria hasiko da. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23.30etik aurrera DJ Osmarekin dantza egingo dute.

Jaiak igandean amaituko dira. Igandeko ekitaldien berri datozen egunetan emango dugu.