Bilbao Petronor Eko Rallya gaur hasiko da eta igandean amaitu. Bitartean, Zumarragan egingo du geldialdia gaur. Horrela, herritarrek rallyan parte hartuko duten autoak ikusteko aukera izango dute, 19.30etik 22.00era, trintxeran. Autoetako batek Zumarragako Tokiko Energia Komunitatearen publizitatea eramango du.

52 auto elektriko eta hibridok parte hartuko dute: 44 elektrikoak izango dira eta zortzi hibridoak. Euskal Herriko, Estatu espainiarreko, Belgikako, Txekiar Errepublikako, Poloniako, Estatu frantziarreko, Portugaleko eta Italiako pilotuek parte hartuko dute. Antolatzaileek ezarritako batez besteko abiaduratik ahalik eta gertuen ibiltzea eta gutxi kontsumitzea sarituko da.

Parte-hartzaileak Bilbotik abiatuko dira. Lehen etapa Zumarragan amaituko da, bigarrena Gernikan eta hirugarrena Bilbon. Gaurko eta biharko etapak Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta FIA Eco Rally Cup lehiaketarako puntuagarriak izango dira.

Lehiaketa hau Bizkaiko motorzaleen elkarteak antolatzen du, Bilboko Udalaren eta Petronor enpresaren babesarekin eta Basquetouren lankidetzarekin. Datorren urtean hidrogenoarekin dabilen auto batek parte hartzea espero dute.

Aurkezpen ekitaldia

Atzo aurkezpena egin zuten Zumarragan. Eneko Conde pilotuak antolatzaileei, erakundeei eta babesleei eskerrak eman zizkien. “FIA Eco Rally Cup txapelketako lidergoan helduko gara Zumarragara. 15 puntuko aldea dugu eta ea eusten diogun. Gure atzetik Italiako bikote bat eta Txekiako bat ditugu. Azkeneko probak Montecarlon eta Dolomitetan izango dira”, esan zuen.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak herritarrei trintxerara joateko gonbita luzatu zien. “Datorren urtean ere rallya Zumarragatik pasatzea espero dut. Eta hidrogenozko autoekin bada, hobe. Zumarragan energia berriztagarrien alde gaude eta, hala, Tokiko Energia Komunitateak bihar hasiko den lehiaketan parte hartuko du”, aipatu zuen.