La Salle Zarauzko ikasleen artean banatzen duen beka, Antonio Aranzabal Fundazioarena, Lide Etxeberria Etxanizek jaso du. Ekitaldi batean irabazlearen berri eman zuten.

Aranzabal Fundazioak 24 urte daramatza La Salle Zarauzko ikasleen artean hilabete bat atzerrian igarotzeko beka banatzen eta horrez gain, beharra duten familientzako bekak ere ematen ditu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2022ko ekainean amaitu zuten ikasleak izan dira aurtengo hautagaiak eta ikaslea aukeratzeko orduan, espediente akademikoaz gain, gaztearen izaera eta jarrera ere izaten dituzte kontuan.

La Salleko Hezkuntza Elkarte osoaren izenean, Xabi Garate zuzendariak honakoa adierazi zuen: “Zorionik beroenak Lideri egindako esfortzuagatik eta eskerrik asko baita ere Aranzabal Fundazioari 24 urte hauetan gure eskolari emandako babes eta laguntzagatik”.

Antonio Aranzabal Fundazioaren helburu nagusia bikaintasun akademikoa sustatzea da. Espediente onena duten ikasleei zein baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emanez.