Herriaren bilakaerari buruzko argazki erakusketa ireki du Zumarragako kultur etxeak. Marisol Garinek utzitako garai bateko argazkiak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko kideek ateratakoak ikus daitezke. Kide hauek argazki ikastaro batean parte hartu dute.

Erakusketa Pertsona Nagusien Astearen barne antolatu dute. Inaugurazioa astelehen eguerdian izan zen. Ekitaldian, Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko kideek parte hartu zuten.

Gonzalezek inaugurazioa Pertsona Nagusien Asteko lehen ekitaldia zela gogoratu zuen eta herriko adinekoak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu zituen. Bereziki, asteazken honetan herriaren etorkizunaz hitz egiteko egingo den bileran. “Plan Orokorreko aholkulari taldearekin elkartuko gara, etorkizuneko Zumarragari buruz hitz egiteko. Nagusiek iragana eta oraina ezagutzen dituzue eta etorkizuneko beharrak zeintzuk diren dakizue. Hori dela eta, bileran parte hartzera animatzen zaituztet”. 16.30ean izango da, kultur etxean.

Astearte honetan bi ekitaldi egin ziren. Goizean Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak izeneko tailerra eman zuten KZgunean eta arratsaldean Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak arrakastarekin zahartzeko aholkuak eman zituen Zelai Arizti kultur etxean.

Asteazkeneko ekitaldiak

Asteazken honetan, etorkizuneko Zumarragari buruzko bileraz gain, bi ekitaldi egingo dira. 10.30ean paseoa egingo dute eta futbol zelaiko parkeko makinetan gimnasia saioa egingo dute. Antonino Oraako eskolan elkartuko dira. 19.30ean, berriz, 100 dias con la tata pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Pelikula honetako protagonista Luisa Cantero da, Miguel Angel Muñoz aktorearen amona. Muñozek bere amonaren etxean pasa zuen konfinamendua eta bien egunerokoa jaso zuen.

Ostegun honetan bi hitzaldi egingo dira: 10.30ean Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideei buruzkoa eta 17.30ean galeren ingurukoa. Bi hitzaldiak kultur etxean izango dira.

Ostiralean gimnasia egingo dute Zelai Arizti pilotalekuan. Saioa 9.30ean hasiko da. Bukatzeko, larunbatean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute Areizaga-Kalebarren plazan. 12.00etan manifestua irakurriko dute eta txistulariek, abesbatzak eta dantzariek ekitaldia girotuko dute.