50. urteurreneko ospakizunak amaitutzat eman dira Urola Kirol Elkartearen historiari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztu ondoren.

Aurkezpen ekitaldia larunbatean izan zen Zelai Arizti kultur etxean eta Amaia Aranburu kazetari eta zuzendaritzako kideak gidatu zuen. Liburuaren inguruko azalpenak Valentin Barrena eta Serafin Gartziandia Urolako lehendakari ohiek eman zituzten. Biak urteurrenen batzordeko kideak dira eta liburuaz arduratu dira, Gattiken komunikazio enpresarekin batera.

Aurkezpenean egoterik izan ez zuen Vicente Quevedoren lana ere azpimarragarria izan da. Urolaren sortzaileetako bat izan zen eta ondoren lehendakari kargua izan zuen. Berak gordetako informazioa oso baliagarria izan da liburua egiteko, beste hainbat herritarren dokumentazioarekin batera.

Liburuan 50 urte hauetan Urolako lehendakari izan diren pertsonen testigantzak jaso dituzte, kronika, sailkapen eta argazkiekin batera. Urolak sustatutako gainon-tzeko kirolen, emakumeen futbolaren, harrobiaren eta Txugiren eta Mustiren omenezko txapelketen berri ere ematen da.

Dokumentalari dagokionez, 50 urte hauetan mugarri izan diren uneak jaso dituzte bertan: klubaren sorrera, lehen taldea Hirugarren Mailara igo zenekoa, emakumeen futbolaren hastapenak eta bilakaera.

Horiek guztiak gogoratzeko hainbat lagunen testigantzak jaso dituzte: Vicente Quevedo, Matias Sanchez, Iñaki Aranzadi, Aitor Irizar, Amaia Elgarresta, Elene Lete, Amaia Aranburu, Virginia Agirre, Mitxel Badiola, Delfin Moreno, Jon Plazaola, Jose Luis Lopez Txelu, Ander Badiola, Aitor Alvarez de Arkaia eta Martin Agirre.

Dokumentala Urolaren webgunean egongo da ikusgai (dagoeneko otamotz.eus webgunean ikus daiteke). Liburuari dagokionez, klubeko bazkideek ale bat jasoko dute. Gainontzekoek 10 euro ordaindu beharko dute. Argixaoko kantinan eta Doña Maximina eta Zumarragako Urbe dendetan jarriko da salgai.