Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiak 2022/2023 ikasturterako izen-ematea ireki dute. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Euskaltegietaz gain, Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.

Aurten gurasoek euskara inoiz baino eskurago izateko haiei zuzendutako kanpaina berezia egin dute. Euskara ikasteko saioak seme-alaben zentroan bertan eskainiko dituzte Pasaiako euskaltegiek, haiei egokitutako eduki eta ordutegiekin.

Aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko da: mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzako, langabetuentzako ikastaro trinkoak edota euskara online ikasi nahi dutenentzako.

Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute urritik ekainera, 7.00etatik 21.00ak arteko ordutegi zabalean.

Gainera, aurten pandemiaren egoerak hoberuntz egin duenez, Mintzalaguna egitasmoa berreskuratuko da. Zerbitzu hau euskaltegietako ikasleentzat aukera bikaina da mintzamena landu eta euskara maila hobetzeko. Parte hartzeko euskaltegian izena eman daiteke.

Euskara ikasteko dirua oztopo izan ez dadin, dirulaguntza lerro desberdinak daude interesatuen eskura, adibidez, langabetuen-tzat, egoera zaurgarrian daudenentzat edo oraindik euskara ulertu ere egiten ez duten pasaitarrentzat.