Mutrikun Kalbarioa festa handiaren adierazle da. Kalbario hitza sufrimenduari lotuta bada ere, herri honetan duen esanahia guztiz ezberdina da. Orain dela hainbat mende itsasotik gertu eta nekazal eremuan bizi ziren mutrikuarrak elkartzeko sortuak, Galbaixoak festa herrikoi eta maiteenak dira; eta hori asteazken honetan ospatutako Kalbario Egunean igarri da, beste behin ere. 

Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, mutrikuarrek Kalbarioko baselizaren bueltan berriro elkartzeko gogoa zuten eta goizean goizetik adin guztietako ehunka herritar gerturatu dira bertara; ohitura dutenez, jateko eta edateko behar zutena (eta askoz gehiago) eramanda.

Gaurkoan Kalbarion egon direnek ez zuten egarria eta gosea pasatzerik. Galbaixo Eguna mutrikuarren eskuzabaltasunaren adierazgarria da eta lagun talde guztietan festara hurbiltzen diren ororentzako mokadua eta tragotxoa prest zegoen.

Edonola ere, Kalbario Eguna primeran joan da izen bereko eremuan. Bertan mezak, bolo-jokoa, trikitilariak edota herri kirolen jaialdi polita izan dira goizean zehar.

Horrela, herrigunera bueltatzeko unea ailegatu da; eta berarekin batera festa honetan hain errotuta dagoen goitibeheren jaitsiera (mota guztietako ehun bat ibilgailu jaitsi dira Kalbarioko gainatik Mutrikura).

Hortik aurrera, festak herrian izan du jarraipena. Ostegunean Galbaixo Txiki eguna da Mutrikun eta ostiralean portuan ospatzen den Piñastei Eguna. Kalbaixoak hasi besterik ez dira egin. Giro onean jarrai dezatela!