Agorreko Santikutzak ostegunean hasi ziren Legazpin. Atzo, duatloi txikia, sukaldari lehiaketa, erraldoi alardea, 3x3 saskibaloi txapelketa, atletismoko milia hiritarra eta dantza eta musika emanaldiak egon ziren. Bartzelonako Esbart Gaudi taldeak plazan dantzatu zuen, Korosti taldeak gonbidatuta. Iluntzean McJearas Band taldeak erdiguneko kaleetan jo zuen eta ondoren Kristonak eta Kilimak taldeek plazan jo zuten. Txosnetan ere kontzertuak egon ziren. Gainera, Telleriarteko talogileek egindako taloak dastatzeko aukera egon zen.
Gaur ere ez da ekitaldirik faltako. 10.00etan Gipuzkoa mailako bola txapelketa jokatuko da Danantzako bolatokian (Mauleon hotelaren ondoan). Izen-ematea 10.00etatik 11.00etara izango da. 12.00etatik 14.00etara, berriz, euskal mitologia jolasak egingo dituzte plazan. Adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango dute. 17.30ean Eneko Gutierrez legazpiarrak Tilin-tilin magia ikuskizuna egingo du Euskal Herria plazan. 19.00etan musika bandak kalejira egingo du eta ondoren plazan joko du.
korostiagara Igoera
Hilaren 18an legazpiarrek Korostiagara Igoera egingo dute. 9.00etan, Goiz Deia txistulari taldekoek diana joko dute erdiguneko kaleetan. 11.00etan meza egingo dute Gorostiaga mendian. Ondoren, 11.45ean, hamaiketakoa eta erromeria izango dira. Goiz Deia txistulari taldeko kideek joko dute.
Horretaz gain, Batis Goikoetxearen oroimenezko argazki rallya egingo dute. Izen-ematea kultur etxean izango da, 9.00etatik 10.00etara.