Ostegun honetik igandera bitartean legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte. Osteguneko ekitaldiei dagokienez, 18.30ean erraldoi eta buruhandi konpartsak kalejira egingo du. 20.00etan, Alaia Martin eta Unai Iturriaga bertsolariek Nafarroa kalean abestuko dute. 21.30ean kantu afaria egingo dute Gernika plazan. Eguraldiak laguntzen ez badu, Azokan egingo dute. Bertaratzen direnentzat ogitartekoak, ardoa eta ura egongo dira. Bukatzeko, 23.00etan kontzertua egingo dute txosnetan.

Ostiralerako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 11.00etan, haurrek bizikleta festa egingo dute Euskal Herria plazan. 15.00etan Ilintxa kirol elkartearen 75. urteurreneko herri bazkaria egingo da Azokan. 19.00etatik aurrera Alaitasuna errondailak erdiguneko kaleetan joko du. 20.30ean Puro Relajo taldeak kontzertua egingo du Euskal Herria plazan. 22.30ean Zo-Zongo taldeak Kolpez blai ikuskizuna eskainiko du erdiguneko kaleetan. Bukatzeko, 23.30ean kontzertua egongo da txosnetan.

Larunbateko ekitaldiak

Larunbatari dagokionez, 10.30ean duatloi txikia egingo dute plazan. 11.00etan sukaldari lehiaketa hasiko da Azokan: legatza saltsa berdean prestatuko dute. 11.30ean erraldoi alardea egingo dute. Urretxu, Oñati, Ordizia, Añorga, Miranda de Arga, Camarzana de Tera eta Legazpiko konpartsek parte hartuko dute. 14.00etan sukaldari lehiaketako sariak banatuko dira, plazan. Bazkalostean, 15.30ean, 3x3 saskibaloi txapelketa herrikoia hasiko da Azokan. 17.30ean atletismoko milia hiritarra egingo dute Aizkorri kalean. 18.00etan erraldoi alardea egingo dute berriro. Gainera, Telleriarteko talogileek taloak egingo dituzte plazan. 18.30ean Bartzelonako Esbart Gaudi taldeak plazan dantzatuko du. 20.00etan McJearas Band taldeak erdiguneko kaleetan joko du. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 22.00etan Kristonak eta Kilimak taldeek plazan joko dute eta gauerdian kontzertua egingo dute txosnetan.

Igandean ere ez da ekitaldirik faltako. 10.00etan Gipuzkoa mailako bola txapelketa jokatuko da. 12.00etatik 14.00etara, berriz, euskal mitologia jolasak egingo dituzte plazan. 17.30ean Eneko Gutierrez legazpiarrak magia ikuskizuna egingo du Euskal Herria plazan. 19.00etan musika bandak kalejira egingo du eta ondoren plazan joko du. Hilaren 18an legazpiarrek Korostiagara Igoera egingo dute.