San Bartolome jaiek eztanda egingo dute Ibarran bi urteko isilaldi behartuaren ondoren. Gogobetez hartuko dituzte ibartarrek herriko jaiak. Alurr dantza taldeak eta Uzturpe ikastolak etzi suziria bota ondoren, festa giroak ez du etenik izango bost egunez.

Ohiko tomate eta pipar dastatzea izango da bihar.

Ohi den moduan, egitarau zabala antolatu du Ibarrako Udalaleko festa batzordeak herriko elkarte eta eragileen lankidetzarekin. Adin eta gustu guztietarako ekitaldiak izango dira larunbata bitarte, aspertzeko betarik eman gabe.

Jaien hasiera ofiziala etzi izango da, San Bartolome egun bezperan. Aurten Alurr dantza taldeak eta Uzturpe Ikastolak izango dute ohore hori, izan ere, Kilometroak 22 jaiaren antolaketa lanetan dabil herriko ikastola. Suziria jaurti ondoren, erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera, gazte koadrilen kalejira izango da herrian barrena. Egunean zehar, gazte koadrilen bazkaria, haurrentzako jokoak, zezen txiki eta poniak, sagardo dastatzea, San Bartolome bezperako kanpai-jotzea eta salbea, ohiko elkartasun afaria, diskofesta, zezensuzkoa eta La Excavadora taldearen kontzertua izango dira.

Aipatzekoak dira hainbat ekitaldi. San Bartolome egunean ez da faltako urtero moduan herriko baratzezainek eta Ibarlur Piparra Kooperatibak eta Txumitxak eskaini eta zerbitzatutako tomate eta pipar dastatzea. Egun berean, bertsolarien emanaldia izango da Emeterio Arrese plazan Amets Arzallus, Haritz Mujika, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi bertsolariekin.

Ostiralean, kirolaren egunean, hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar, baina nabarmentzekoa da plazan egingo den pentatloi desafio mistoa. Bertan parte hartuko dute Lucia Orbek (Bilbo), Karmele Gisasolak (Mallabia), Xabier Orbegozo Arria Vk (Ibarra) eta Joseba Otaegik (Zizurkil).

Musikak protagonismo berezia izango du San Bartolome jaietan. Kontzertuei dagokionez, San Bartolome egunean Puro Relajo taldeak rantxerak ekarriko ditu Ibarrara, Andoni Ollokiegi abeslariak erretiratuen biltoki ingurua alaituko du eta Laket taldeak erromeria giroa piztuko du. Ostegunean, aldiz, Dj Andonik emanaldia eskainiko du Txumitxa atzealdeko plazan, Gozategik kontzertua eskainiko du eta Iratzar taldearen kontura joango da erromeria. Ostiralean, aldiz, aipatzekoa da Bassagain Sound System taldearen kontzertua eta larunbatean, koadrilen egunean, Distopia elektrotxarangak kaleak girotuko ditu eta ilun-tzean Muxutruk taldearekin dantzaldia izango da.

Eraso sexistarik gabeko gunea izango da hainbat egunetan: bihar San Bartolome plazan (18.00-21.00) eta ostiralean, Emeterio Arrese plazan (10.00-13.00).

Jaien azken egunean koadrilen eguna ospatuko da eta Testing programaren gunea antolatuko dute Ai Laket! elkartearen eskutik. Bertan, substan-tzia ilegalen testa eta analisia egingo da, eta hala nola, informazio orokor zein eta pertsonalizatua eskainiko da, San Bartolome kaleko aparkalekuan 0.00etatik 3.00etara. l

Egitaraua

l Abuztuak 22. San Bartolome zozketa plazan (22.30).

l Abuztuak 23. San Bartolome bozeto lehiaketako eta V. Diseinu lehiaketako sari-banaketa (11.30); suziria Alurr dantza taldearen eta Uzturpe ikastolaren eskutik eta ondoren kalejira; gazte koadrilen bazkaria (14.00); haurrentzako jokoak (16.00); zezen txikiak eta poniak, kultur etxeko plazan (17.30); sagardo dastatzea plazan (18.30); San Bartolome bezperako kanpai-jotzea eta salbea (19.00); elkartasun afaria (21.00); Xaibor diskofesta, Emeterio Arrese parkean (21.30); zezensuzkoa (22.30); La excavadora taldearen kontzertua plazan (23.30).

l Abuztuak 24, San Bartolome eguna. Diana herriko txistulariekin (9.00); meza nagusia (10.00); haurren danborrada (11.30); pipar eta tomate dastatzea plazan (12.00); bertsolarien emanaldia Emeterio Arrese parkean (18.00); helduen danborradaren entsegua, Azkue auzoan (18.00); helduen danborrada (19.30); Puro Relajo taldea plazan (20.00); zezensuzkoa (22.30); Andoni Oilokiegi abeslaria erretiratuen elkartearen aurreko plazan (22.45); Laket taldea plazan (23.30);

l Abuztuak 25. Diana (9.00); Hauspoa kultur elkartearen herri-antzerkia kaleetan (11.30); txekor-jatea, Emeterio Arrese parkean (14.30); haur eta nerabeentzat ur-parkea, Azkue auzoko plazan (16.00-20.00); zezensuzkoa (22.30); Dj Andoni Txumitxa atzealdeko plazan (22.45); Gozategi taldea plazan (23.30); eta ondoren, Iratzar taldearekin erromeria.

l Abuztuak 26, kirolaren eguna. Diana (9.00); toka eta bola txapelketa, Emeterio Arrese parkean (10.00); haurrentzako 3x3 futbol txapelketa, Emeterio Arrese parkean (10.30); Erretiratuentzako hamaiketakoa, Bizi-Nahi elkartean (11.00); haur eta gaztetxoentzako toka eta bola txapelketa, Emeterio Arrese parkean (11.00); pentatloi desafio mistoa plazan (12.00); volley eta brillet finalak, San Bartolome plazan (17.00); Papereko zirkua, Monda eta Lironda pailazoen emanaldia, Erraketistak pilotalekuan (18.00); zezensuzkoa (22.30); Alurr Dantza Taldearen emanaldia, Emeterio Arrese parkean (22.45); Bassagain Sound System taldearen plazan (0.00).

l Abuztuak 27, koadrilen eguna. Diana (9.00); koadrilak plazan elkartuko dira (11.45); koadrila berriei ongi-etorria (12.00); koadrilen bazkaria, Emeterio Arrese parkean (14.30); Dj Andoni, Emeterio Arrese plazan (17.00); zezentxoak, kultur etxeko plazan (17.30); Distopia elektrotxaranga (17.30); zezensuzkoa (22.30); Muxutruk taldearekin dantzaldia plazan (23.30); piparra erretzea (0.00).

l Irailak 3. Gazteentzako txirrindulari-lasterketa, XL. San Bartolome saria (15.30).