Usurbilgo Askatasuna plazaren 20. urteurrenean, hondatuta zeuden hainbat pieza berregin ditu Karlos Zabala Arrastaluk, eta, orain, elementu berriak txertatzeko enkargua egin dio Udalak, herriaren aniztasuna ere isla dezan. Askatasuna plazako irudiak berritzeko partida onartu berri dute, Ogasun Batzordean: 21.000 euro, guztira.

Era askotako irudiak dituzte Askatasuna plazako hormek: herritarrak, lanbideak, euskal kulturan edo kirol munduan ezagun direnak, paisaiak, kultur adierazpenak... Orain, onartu berri duten partidarekin, azken 20 urteetan Usurbilera bizitzera etorritakoak ere bertan islatu nahi dituzte, herriaren jatorri aniztasuna artearen bidez ere ikusgarria izan dadin. Zenbait aste beharko ditu Arrastaluk guztiak egin eta jartzeko. Aurreikuspenen arabera, udazkenean prest egon daitezke.

Horrez gain, 20 urteren buruan, orduan jarritako zenbait elementu hondatuta zeudenez, horiek konpontzen eta osatzen aritu da Arrastalu, Udalak eskatuta: 93 pieza eta 140 begi inguru berritu ditu, eta 8.800 euroko kostua izan du. Udaletik adierazi dutenez, “Usurbilek artearekin duen loturaren beste elementu bat gehiago dira Arrastaluren irudiak, eta herri ondare hori zaindu eta mantentzeko helburuarekin egin dituzte konponketak eta elementu berrien enkargua”.