San Lorentzo eta San Donato ospatzen abuztuaren 5etik 10era arte herria festetan murgilduko da. Horretarako Udalak sei egunerako egitaraua prestatu du. Hala ere, larunbat honetan Pala txapelketako finalak jokatuko dira arratsaldeko 16.00etan.

Esan bezala, 5ean hasiko dira jaiak arratsaldeko 17.00etan txosnaren irekierarekin. Txupinazoa bi ordu beranduago izango da eta jarraian kalejira egingo da buruhandiekin eta trikipoteoa Izer eta Alabierren eskutik. 21.30ean, eguna amaitzeko, herri afaria ospatuko dute.

Hurrengo egunean goizeko 11.30ean haur handientzat jolasak egongo dira. Arratsaldeko 14.30ean paella lehiaketa herrikoia ospatuko dute. Bi ordu beranduago, Aiako igerilekuan kukaina bat egongo da eta jolasak egingo dira. 18.30ean Elektrotxufla musika ibiltaria egongo da kaleak alaitzen. 22.00etan kontzertuak egingo dira herriko plazan. Bertan egongo dira Brigade Loco eta Rotten XIII bere punk-oiarekin eta Kulto Kultibo bere reggae-arekin.

Igandean, San Donatoren egunean, Dianarekin hasiko dute eguna goizeko 7.00etan eta orduerdi beranduago gaupaseroek argazkia ateratzeko aukera izango dute. 11.00etan Meza nagusia izango da eta ondoren herriko pilota txapelketaren finala jokatuko da eta 16.00etan museko txapelketa egingo da eskola berrian. 22.30ean bertso jaialdia ospatuko dute eta bertan egongo dira Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta beste bertsolari batzuk. Ondoren, gauerdian Ithaka eta Zelanda taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Hurrengo egunean 14.00etan familien bazkaria egingo da eta gaueko 23.30ean Gozategi taldearen kontzertua egingo da. Asteartean, 11.00etan sardina jana egingo dute toka txapelketa irekiarekin batera (haurren-tzat sapo-toka egingo dute). 19.30ean kalejira egongo da kaleetan zehar eta plazan Broken Brothers Brass Bandek joko du. Kontzertu gehiago egongo dira 22.00etan Korrontzi & Oinkari ikuskizuna eskainiko dute dema plazan eta ondoren, Lukiek, Rodeo eta Maixa & Malakias taldeek joko dute.

San Lorentzo eguna izango da festen azken zatia, abuztuaren 10ean. 11.00etan Meza nagusia ospatuko dute, 12.00etan pilota partiduak egongo dira eta ondoren edadetuei eskainitako bazkaria. 17.30tatik aurrera herri kirol jaialdia izango da; Gipuzkoako Ingude altxatzea, harrijasotzea eta txinga txapelketak ospatuko dira. 1.00ean izango da azken ekintza Fan&Go-ren eskutik.