Ondasunen inbentarioaren eguneraketa onartu da Urretxuko azken osoko bilkuran. Urretxuko Udalak, ondasun berriak dituenez, inbentarioa eguneratu behar izan du. Ondasun berri horien artean Pagoetako eliza, Mugitegi industrialdeko pabiloi bat, Matxinportako lursail bat eta Santa Barbarako errepide berria daude.

Pagoetako eliza kultur ekitaldiak egiteko erabiliko da eta Matxinportako lursailean pump track-a (bizikletan eta monopatinean ibiltzeko zirkuitua) eta parke bat egingo dira. Obra urrian hasiko da. Santa Barbarako errepide nagusiari dagokionez, errepide nagusia Agerre baserriarekin lotzen du.

Horretaz gain, osoko bilkuran Gainzuri-komentua Plan Orokorreko azpieremuaren xehetasun azterlanari behin betiko onarpena eman zitzaion. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Aipatutako eremuan 65 etxebizitza eraikiko dira. Horietako 25 sozialak eta tasatuak izango dira. Gainera, igogailuak eraikiko dira, Labeaga kalea goiko auzoekin lotzeko. Gainera, 1.700 metro koadro instalazioetarako gordeko dira. Dotazio horiek Gainzuri ikastetxeak erabiliko ditu.