Euskal Herriko Gazte Orkestrak gonbidatuta, eta eltratruke programa baten baitan, Kanariaseko Gazte Orkestra (JOCAN), lehenegoz arituko da bihar, 19.00etan, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, haren zuzendari artistiko den Víctor Pablo Pérezen zuzendaritzapean. Talde kanariarrak, Mendelssohn gazte batek sortutako 1. Sinfoniaren interpretazioa eskainiko du lehenik, ibilbide oparo baten hasiera izan zen obra, hain zuzen ere. Tchaikovskyren Biolinerako kontzertuarekin osatuko da egitaraua, instrumentu honetarako sortutako kontzerturik zailenetakoa dena. Izan ere, birtuosismo maila altua duen bakarlari bat eskatzen du. Kasu honetan, Nemanja Radulovic arituko da bakarlari gisa, bere interpretazio adierazkor eta zoragarriengatik ezaguna dena. Sarrera ohiko bideetatik lortu daitezke, hamar euroko prezioarekin helduentzat eta bost eurokoarekin adingabekoentzat. – J.G.