Tolosako Udalak zenbait ekitaldi antolatu ditu datozen hilerako, kultur egitarauak abuztuan erritmoa lasaituko badu ere. Jon Laukvik organistaren eta Mirua taldearen kontzertuez gozatu ahal izango da Tolosan.

Alde batetik, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan, Jon Laukvik organista norvegiarraren kontzertua antolatu dute abuztuaren 2an, 20.00etan, Tolosako Santa Maria elizan. Europan, Kanadan, Japonian, Korean, Israelen eta Estatu Batuetan egin ditu birak musikariak, eta Tolosan emango duen kontzertua ere berezia izango da. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.

Beste alde batetik, aurten Zumardi Txikian egin den Kultura Plazara jaialdi arrakastatsuaren ondoren, Tolosako Udalak, jarraipena emateko asmoz, Beste Plazak programa osatu du herriko auzoak dinamizatzeko.

Oraingoz, Udalak aurreratu duenez, Mirua taldearen kontzertua egongo da abuztuaren 27an, 19.00etan Aldaba auzoan. Maitane Iruiñ, eta Malentxo eta Mattin Zeberiok osatzen dute Mirua taldea, eta Arnasten du hemen abestia kaleratu berri dute. Duela hiru urte inguru sortu zen taldea eta Harrobia saria irabazi zuen iaz, Gaztea irratiaren maketa-lehiaketan.