Marian Etxarri eta Joseba eta Xabier Campano herritar omenduak txupina botako dute gaur 20.00etan Pasai Donibanen Santiago jaiei ongietorria emanez.

Bihar Santiago eguna izango da eta sokamuturra eta Gazteen XXXI. Dantza Solteko Txapelketa antolatu dira. Asteartean, Santa Ana eguna, meza nagusia Santa Anako ermitan goizean eta habanerak gauean nagusi izango dira. Asteazkenenean, San Pantaleon egunean ohitura denez, 19.00etan sardina-jana herri osoan zehar egongo da Pasaia Porten eskutik eta gauean Arrantzaleen danborrada irtengo da Konstantzia bandarekin. Amaitzeko, San Inazio egunean, bateleren desfilea eta estropada izango dira.

Santiago jaietarako antolatutako ekitaldiak direla eta, Donibane kalea itxiko da egun eta ordu hauetan: gaur 12.00etatik aurrera, bihar egun osoan, uztailaren 26an 18.00etatik aurrera, uztailaren 27an 9.30etik aurrera, hilaren 29an 16.00etatik aurrera eta uztailaren 30ean eta 31n egun osoan. Gainera, Santiago plaza kotxerik gabe egon beharko du Pasaiako Udaltzaingoak aditzera eman duenez.

Bestalde, uztailaren 30ean, larunbatean, hainbat kultur ekitaldi egingo direnez, Lezobidea kalea moztuko da Meipiko biribilgunearen parean, 12.00etatik 17.00etara.

Beraz, mozketa irauten duen bitartean, Donibane kalera eta Bizkaia plazara Larrabide errepidetik eta San Roke eta Juan XXIII kaleetatik sartu beharko da. Irten, berriz, Bordalaborda kaletik irten beharko da. Ordutegi horiek gutxi gorabeherakoak dira, eta segurtasun arrazoiengatik alda daitezke.

Bestalde, lineako autobusak Meipiko biribilgunean emango du buelta gaurko 12.00etatik uztailaren 31 arte.

Amaitzeko, Bizkaia plazako aparkalekua txartela duten bertakoek bakarrik erabili ahal izango dute gaurtik uztailaren 31ra arte, biak barne.

Informazio gehiagorako edo larrialdiren bat gertatzen bada Udaltzaingora deitu behar da (tel.: 943 004 300).