Euskararen erabileraren kale neurketa egin zen iaz eta emaitzak egunotan eman dira ezagutzera. Kale neurketaren arabera, %33,9koa da euskararen erabilera Legazpiko kaleetan. Legazpin euskararen ezagutza %65eko bueltan dago eta, beraz, erabilera ezagutzaren erdira baino ez da iristen.

Legazpin 2001etik aurrera neurtzen da euskararen kale erabilera (bost urtean behin). Ordutik hona egindako kale neurketetan jasotako datu orokorrei errepatuz gero, euskararen erabilerak dezente egin du gora. 2001eko erabilera %21,5ekoa zen eta 2021ean (20 urte geroago) %33,9koa da: 20 urtetan 12,4 puntu igo da euskararen erabilera. 2016an egin zen azkeneko neurketa eta orduan % 32,9koa zen erabilera. Azkeneko bost urteotan, beraz, puntu bat bakarrik egin du gora erabilerak.

Haur eta gazteak

Datu kezkagarriak eta itxaropentsuak daude. Kezkagarrien artean, euskararen erabilerak nabarmen egin du behera haurren artean (2-14 urte). 2016an haurren arteko erabilera %45,9koa zen eta 2021ean, %38,4ra jeitsi da erabilera hori.

Gainera, euskararen erabilera ez da bera herriko gune guztietan. Hala, goialdeko auzoetan, Hegialden, %22,9koa da erabilera eta, behealdean, Latxartegi parkearen eta kultur etxearen inguruan, %43,8koa.

Datu onei dagokienez, euskararen erabilerak gora egin du gazteen artean: 2016an gazteen (15-24 urte) arteko erabilera %34koa zen eta 2021ean %48,3koa izatera iritsi da.