Lazkaok gazteen ekintza bandaliko ugari izan ditu azken asteetan. Hainbat kexa eta salaketa jaso ditu Udalak herritarren partetik. Besteak beste, su txikiak erregistratu dira herriko txoko batzuetan, etxebizitzetako tinbreak desorduetan jotzen direla jakin da, eta balkoi eta leihoetara harriak edo sagarrak jaurtitzen direla salatu da.

“Ekintza bandaliko hauek deskantsuan eta segurtasunean eragiten dute”, adierazi dute Udaltik. Horregatik, “Udalak herritarrei, eta bereziki gaztetxoenei, eskatzen die errespetuz eta arduraz jokatzeko bizikidetza on bat bermatze aldera eta bertan behera uzteko honelako jardunak”.

Era prebentiboan, Lazkaoko Udalak Udaltzaingoaren eta Er-tzaintzaren arteko kolaborazioa indartu du, kale-zaintza areago-tzeko helburuz.

Bestalde, zaldibitarrek burutu dute herriko jaien diseinu eta antolakuntzarako bigarren bilera. Hilaren 13an egin zuten eta bertan herriko talde, eragile eta elkarteetako ordezkariek parte hartu zuten. Orain, hirugarren eta azken bilerarako data zehaztu dute: irailaren 14an izango da, 18.30ean, Antzokian.

Lehenengo entzute-saioan, herritarren balioak identifikatzeko ariketa egin zen. Gai nagusi izan ziren festa-egunen egutegia, aurrekontu-markoa eta txupinazoa. Bigarren bileran, berriz, egitarau zirriborroa aurkeztu zen. Festa gunearen antolaketa proposamena ere hizpide izan zuten parte-hartzaileek.

Hirugarren saioan, egitaraua eta festa-guneen antolaketa itxi, protokolo feminista azaldu, eta egitaraua iragartzeko argazkia aterako da. Ondoren, mokadutxoa izango da. – E.C.A.