Juan Irazusta Alkizaleteren inguruko erakusketa zabalduko dute bihar Alkizako Fagus Alkiza interpretazio zentroan, 17.00etan. Ondoren, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua ere aurkeztuko dute bere heriotzaren 250. urteurrenean.

Juan Irazusta Alkizalete (Alkiza, 1688-1772) idazle eta Hernialdeko erretoreak idazlan bakarra publikatu zuen. 1739an, Gaspar Astete josulagunaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita. Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac... izenburuarekin argitaratu zen aipatu lana. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi behar izan zuten dotrina hori. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, haren itzala gaur egunera arte iritsi da. Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak Irazustaren jarduna eta bere garaia gogora ekarriko dituzte bihar.

Ekitaldia

Ospakizunak bi zati izango ditu. Lehen zatian, Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratuko da, 17.00etan. Besteak beste, bertan parte hartuko dute Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, eta Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. Irailaren 16a bitarte bisitatu ahal izango da.

Ospakizunaren bigarren zatian, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua aurkeztuko da jendaurrean. 17.30ean izango da agerpena, San Martin Tourseko elizan. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitz egingo dute; eta, hitzaurreen ostean, Olatz Leturiaga liburuaren egileak argitalpen berriari buruzko azalpenak emango ditu. – M. San Sebastian