Síguenos en redes sociales:

Kiroldegiko aurtengo lanak aurkeztu dituzte Zumarragan

Kiroldegiko aurtengo lanak aurkeztu dituzte Zumarragan

Udalak urtero berrikuntza lanak egiten ditu kiroldegian egungo beharretara egokitzeko, Zumarragako Ispilla kiroldegiak 40 urte aurki egingo ditu eta. Aurtengo lanak atzo aurkeztu zituzten Mikel Serrano alkateak eta Joseba Angulo Kirol teknikariak.

Hobekuntza garrantzitsuenak gimnasioan egin dira. Gimnasioko zorua egoera txarrean zegoen eta berria jarri dute. Inbertsioa 20.000 eurokoa izan da. Horretaz gain, makina, ispilu, haltera, banku eta barra berriak jarri dituzte. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan da.

Bestalde, Zumarragako Udalak bi kamera jarri ditu kiroldegian eta Argixao estadioan, bertan jokatzen diren partidak Internetez eman ahal izateko. Gainera, kirolarien errendimenduaren inguruko datuak jaso-tzea ahalbidetuko dute. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan da.

Higiene plan bat ere egin da eta paper eta xaboi banagailuak kendu dira kontsumoa murrizteko, higienea hobetzeko eta material jasangarriagoak erabiltzeko.

Bukatzeko, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatu da. Legionelosia ekiditeko ur hori 70ºtara egon behar da eta PVC materialez egindako hodietan ihesak egoten ziren. Altzairuzkoak jarri dira. Aurrekontua 9.500 eurokoa izan da.

Webgunea

Horretaz gain, udala kirol zerbitzuei buruzko webgunea prestatzen ari da. Eskaintza ezagutzera emateko, kiroldegiko bazkide egiteko, ekintzetan izena emateko eta instalazioak erreserbatzeko balioko du. Aurrekontua 7.000 eurokoa da.

Urtero bezala, abuztu erdialdean kiroldegia itxiko dute mantenu lanak egiteko. Igerilekua hustuko dute, garbitzeko. Bi iragazkietako bat konponduko dute eta harearen ordez beira erabiliko dute, iragazketa hobetzeko. Aurrekontua 4.000 eurokoa da. Egun horietan pintaketa lanak ere egingo dira. Azkenik, 2022ko bigarren seihilekoan tatamia berrituko da.

Serranok Ispilla kiroldegia herri erdian dagoela eta hori lortzeko bost solairuko eraikina egin zela aipatu zuen. Garai hartan Estatu espainiarrean bost solairuko beste kiroldegi bat bakarrik zegoela esan zuen. l