Urretxu eta Zumarragako Kultura sailek Iparragirre Sarien irabazleen berri eman dute. Bertsopaperei dagokienez, 16 urte artekoen mailan Ibai Olano Odriozola legazpiarrak irabazi du saria. 16 urtetik gorakoen mailan, saria Urko Egaña Calderon oñatiarrarentzat izan da. Narratiba euskaraz atalean Leioako Igor Mercado Azkuenagak irabazi du saria. Narratiba erdaraz atalari dagokionez, saria Juan Carlos Fernandez Leonek (Fuenlabrada) irabazi du. Poesia euskaraz ataleko saria Sara Mantxola Akizu oñatiarrak irabazi du. Bukatzeko, poesia erdaraz ataleko saria Debako Rafael Bravo Arrizabalagak irabazi du.

16 urte artekoen bertsopaper lehiaketa irabazi duen Ibai Olano, Ane Odriozola idazle ezagunaren semea da. Odriozola bi aldiz saritu zuten Iparragirre Sarietan, 2019an eta 2021ean, narratiba euskaraz atalean.

Ibai Olanok 14 urte ditu eta DBH3 egiten ari da Haztegi ikastolan. “Amak Iparragirre Sarietan parte hartzea proposatu zidan eta, horrelako guztietan parte hartzea gusta-tzen zaidanez, baiezkoa eman nion. Sortzea gustatzen zait”, esan du.

Iparragirre Sarietarako, bidegabekeria sozialei buruzko bertsoak idatzi ditu. “Sei bertso idatzi ditut: lau lehenengoak zortziko handian eta azken biak zortziko txikian. Bertso guztiak 16 lerrokoak dira. Pertsona baten gogoetak dira, injustizia sozialei buruzkoak. Ez nuen irabaztea espero, marrazten, dantzatzen eta abesten idazten baino abilagoa bainaiz”.

Ama oso pozik ageri da, noski. “Ibaik sekulako sormena du eta tematu egin nintzen: behin eta berriro proposatu nion Iparragirre Sarietan parte hartzea. Asko poztu nintzen Ibaik bertsopaper lehiaketa irabazi zuela esateko deitu zidatenean. Biok palmaresean egotea pozgarria da”.

Olanok idaztea gustuko du, baina abestea, dantzatzea eta marraztea gustukoago ditu. “Legazpiko marrazki lehiaketa hainbat aldiz irabazi dut. Horretaz gain, Korosti dantza taldean dantza egiten dut, Easo abesbatzan abesten dut eta interpretazioa ikasten ari naiz Donostiako Binahi akademian. Nire ametsa mundu artistikoan lan egitea da”.

Musika eta interpretazioa direla eta, sarritan joaten da Donostiara. “Hor ibiltzen gara, bueltaka. Merezi du. Izan ere, Ibairi asko gustatzen zaio abestea eta Easo abesbatzaren eskutik areto garrantzitsuetan abesteko aukera izan du: Viktoria Eugenian, Kursaalen, Arriagan, Baluarten...», dio bere amak. 

Odriozolak urriaren 29an kaleratu zuen bere azken nobela: Al subir la marea. Makina bat aurkezpen egin ditu eta Durangoko Azokan ere izan zen. Urtarrilean Zaragozara joango da eta Donostian solasaldia egingo du irakurleekin. Al subir la marea XVI. mendean girotutako thriller historikoa da. Itsasontziak eraikitzen dituen Zarauzko familia bat da liburuko protagonista.

Seigarren nobela ere ia prest du dagoeneko. “Lehenengoz, nobela garaikide bat idatzi du. Thriller juridiko bat da. Donostiako dirudun familia bateko semeari pisukidea hil izana leporatu diote eta liburuan epaiketaren berri ematen dut, zinpeko epaimahaiko emakume baten ikuspuntutik. Nobela idazteko, fiskal baten eta kriminalistikan lan egin zuen ertzain baten laguntza izan dut. Liburua 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran aurkeztuko dut”.