38. Basarri Bertsopaper sariaren irabazlea eman zuen jakitera Zarauzko Udalak ostiralean. Guztira hamaika lan jaso dituzte aurtengo edizioan eta epaimahaiaren arabera guztiak izan dira maila onekoak.

Aurtengo edizioaren irabazlea Aner Peritz zarauztarra izan da. Bere bertso-sortak Zopa hozten ari zaizu izenburua darama. 2019ean bigarren saria lortu zuen eta, orain, 19 urteko bertsolari zarauztarrak lehen aldiz irabazi du Basarri Bertsopaper sari hau.

Irune Urbieta (EAJ-PNV) zarauzko Kultur zinegotzia da eta beretzat “pozgarria da Basarri Bertsopaper saria zarauztar gazte batek irabaztea, honek argi uzten baitu Zarau-tzen badela bertsolaritzarekiko grina eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nezkaezinak bere fruituak ere jasotzen dituela”, adierazi zuen.

Esan bezala irabazlearen izena ostiralean jakin zen eta bertan egon ziren Nahikari Gabirondo, Andoni Egaña eta Uxue alkorta epaimahai moduan. Egañak aurkezpenean azaldu zuen Peritz irabazle bezala hautatzearen zergatia: “Bertso onak dira eta hautatutako gaiei heltzeko ikuspegia aski berria da. Forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du irabazleak, ABABABABAB errimatuz. Berrikuntzak ulermena eta gozamena ez galaraztea ez ezik, bertsoetako bide berriak zabaltzeko modua eskaintzen du”.

Peritzen esanetan, “bertso-sorta honek ez zuen ezer berririk kontatu nahi. Askotan kontatutakoa beste era batera kontatuta baino ez da jolas tekniko atsegin bat bilatuz”.

Sari emate ekitaldia uztailaren 7an izango da, 22.00etan, Torre Luzeako parkean. Bertan, irabazleak saria jasoko du Udalaren partetik eta bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztuko du. l