Bihartik astelehenera arte, Hernanik San Joanak ospatuko ditu bi urteren ostean. Dagoeneko, eragileek eta Udalak dena prest dute eta azkeneko oharrak kaleratu dituzte.

Esaterako, zamalanei dagokienez, Kaxkoa itxita egongo da bihartik astelehenera egun osoz. Lan hauek egiteko premia dutenek, Atzieta eta Izpizua kaleetako zamalana eremuak erabili ahal izango dituzte.

Herriko jai nagusien ekitaldiak segurtasun osoz ospatu ahal izateko murrizketa hauek ezinbestekoak direla adierazi dute Udaletik eta eragozpenak barkatzeko eskatu dute.

Bestalde, Udalak larunbatean burutuko den sokamuturraren ibilbidea eta ordutegia zehaztu ditu programan agertzen ez direlako. Honela, 7.30etik 9.00etara zezenek ibilbide hau egingo dute: Gudarien plaza, Andre kalea, Felipe Sagarna Zapa kalea eta Kale Nagusia. 16 urtetik beherakoek ezin dute sokamuturrean parte hartu.

Atariak barrutik giltzatuta egotea kalteak saihesteko eta bizilagunak kalera ez ateratzea ekitaldiak irauten duen bitartean eskatu dute.

Azkenik, azken orduko aldaketa bat dago egitarauan: larunbateko 19.30eko emanaldian, Fermin Balen-tziaren ordez, Revuelta anaiak eta Patxi Saiz izango dira.

Bestalde, aste honetan, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan eraso sexisten kontrako protokoloa aurkeztu dute.

Horretarako Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea jarriko da Ezkiaga pasealekuan, bihar eta etzi 18.00etatik 22.00etara eta larunbatean 11.30etik 14.30era eta 18.00etatik 22.00etara.

Gune hau Emaginek kudeatuko du eta bere helburua herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientzia-tzea, arreta telefonoaren berri ematea eta, oro har, informatzea da.

Gainera, Emaginek aipatutako erasoen arretarako telefono espezifikoa artatuko du: 688 685 164. Biharko 18.00etatik hilaren 28ko 8.00ak arte martxan egongo da, egunero 24 orduz. Baliabide honen helburua da gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza behar den kasuetan, arreta ematea erasotuari.

Eraso sexisten prebentzio, arreta eta erantzun publikorako protokoloaren prestaketan hainbat eragilek parte hartu dute: Hernaniko txosna batzordea, Hernaniko Koordinadora Feminista (mugimendu feminista eta txosnaren izenean), Hernaniko Udala (Udaltzaingoa eta Berdintasun arloa), Emagin elkarte feminista (Udalak kontratatua, hainbat zerbitzu emateko) eta tabernak. l