- Isolamendu fisikoa eta geografikoa murriztea, baita isolamendu soziala eta pertsonala murriztea eta adinekoei eguneroko jarduerak egiteko aukera ematea, hala nola erosketak edo kudeaketak egiteko. Helburu horiek guztiak betetzeko asmoarekin, datorren astelehenetik aurrera, oinarrizko beharretarako doako garraio zerbitzua izango den Hondarribia Bidez-Bide zerbitzua abian jarriko dute Udalak eta Behemendi Elkarteak.

"Gizarte zerbitzuen eremua bultzatu nahi dugu landa garapenaren barruan eta gizarte ongizatearen arloan ikusten den premiari erantzuteko", azaldu du Gotzone Larrarte zinegotziak. Gainera, adinekoen osasunaren jarraipen egokia egin nahi da, osasun zentroetara erraz joateko aukera eskainiz.

"Furgoneta egokitu batekin landa-inguruneko pertsonek eskatutako garraio zerbitzuari erantzuna ematea da planteatzen duguna", azaldu zuen Larrartek. Zerbitzua erabiltzeko adinekoak, elbarriak eta haien zain-tzaileak izango dute lehentasuna, baita adinekoak diren eta hiri erdigunetik urruti bizi diren auzoetako hondarribiarrek ere.

Doako zerbitzua izango da eta astelehenetik ostiralera 8.00etatik 13.00etara funtzionatuko du, nahitaez 611 721 959 zenbakira deitu beharko delarik aurretik eskaria egiteko. Abuztuan ez da eskainiko.