- Azpeitiko Sanjuandegi auzoak urteko jaietako egunik indartsuenak ospatuko ditu asteburu honetan zehar. Ohi bezala, XJ Auzolanean taldeko lagunek herritar guztien partaidetzari irekitako dozenaka ekintza antolatu dituzte hurrengo egunetarako.

Edonola ere, Gazte Eguna ospatuko da gaur Sanjuandegin. Hasteko, kafea, auzolana eta auzoko skate parkeari agurra izango dira 15.00etan. Hori bai, ostiral honetako unerik hunkigarriena 19.00etan biziko da. Izan ere, azken bi urteotan Sanjuandegin agertu ezinik ibili den Mantangorriri ongietorria egingo diote ordu horretan Jose Antonio Agirre plazan.

Festak eztanda egingo du bere etorrerarekin batera eta hortik aurrera buruhandi, erraldoi eta trikitilariekin kalejira, batukada (20.00etan), gazte afaria (21.00), areto dantzen emanaldia (23.00) eta hainbat kontzertu izango dira (Rodeo, No Place eta Laket taldeak karpan arituko dira eta Natx, B2B, Meritron, P4ul, B2B, Kanpax, Enesound eta Jos_U txosnan).

Bihar Auzo Eguna ospatuko dute Sanjuandegin. Goizean xake txapelketa (10.30ean), judo erakustaldia (11.00), Musika Bandaren kontzertua (13.00) eta triki-pintxo-poteoa (13.30) egongo dira eta hortik aurrera auzo bazkaria (15.00), VIII. Trikiti txapelketa (17.00), gazteen arteko I Patata Tortilla lehiaketa (17.00), txokolatada (18.30), Skapaie elektrotxarangarekin kalejira (19.00), erraldoiak eta buruhandiak (19.00), Kontseilu Sozialistak prestatutako parrillada (20.00), In Your Face eta McOnak taldeen kontzertuak (22.00) eta Aztakol DJaren emanaldia.

Jaiak borobiltzeko igandean ere egongo da zerekin gozatu: 6.00etan txokolatada eta zumba egongo dira eta ondoren zezena (7.00) salda (9.00), dantzari txikien saioa (12.30), zezen txikiak (16.30), herri kirolak (18.30) eta Mantangorriri agurra (20.00). l