- Astigarragako Arantzazuko Ama Ikastolako DBHko ikasleak hainbat ekimen burutzen ari dira maiatzaren amaieran eta datorren hilabeteko hasieran, Ekofish programaren barruan, plastikoaren arazoari aurre egiteko eta bertako biztanleak gaiari buruz kontzientziatzeko.

Honenbestez, hurrengo larunbatean zabor bilketa bat antolatu dute Urumea ibaian. Hitzordua 11.00etan Erribera kulturgunean ipini dute. "Aukera paregabea da familientzat, seme-alabei natura zaindu eta errespetatzearen garrantzia ekintzekin erakusteko", animatu dute ikastolatik.

Bestalde, ikasle talde batek plastikozko tapoiak biltzeko ekimena jarri du martxan. Astigarragan hainbat puntutan daude tapoiak biltzeko kaxak. Helburua da tapoiak bildu eta birziklatzea.

Gainera, beste ikasle talde batek argazki erakusketa eta lehiaketa bat antolatu ditu. Ekainaren hasieran egongo da ikusgai Erriberako kultur etxeko erakusketa aretoan.

Arestian aipatu bezala, maiatzean zenbait ekimen ere martxan jarri zituzten. Esaterako, hilaren 27an 3. DBHko talde batek telazko poltsak banatu zituen herri eskolako patioan. Azaldu dutenez, banaketa honen helburua da "plastikozko poltsen erabilpena murriztea, plastikozko poltsa eta bildukinen arazoa handia delako eta itsasoan mikroplastikoek sortzen dituzten arazoak larriak direlako". Lortu nahi dutena da herritarrek behin eta berriz telazko poltsa hauek erabiltzea.

Bestalde, 4. DBHko ikasleek bigarren eskuko gauzen azoka egin zuten maiatzaren 27an, Astigarragako herri eskolako atarian, 16.15etik 18.15era. Aurreko asteetan hainbat puntutan bigarren eskuko gauzak jasotzeko kaxak jarri zituzten, arropa, jostailuak, liburuak eta bitxiak jasotzeko.

Ekimen guzti hauek Ekofish programaren baitan antolatu dira. Izan ere, Ekofish Pasaiako irabazi asmorik gabeko Itsas Gela eta Getariako Itsas Planet elkarteek sustatutako proiektua da. Ekofishen helburu nagusia da gizartea itsas hondakinen arazoaz jabetzea eta gure esku dauden ekintza txikiekin arazo horri aurre egitea. Arantzazuko Ama ikastolako DBHko ikasleek urtero parte hartzen dute proiektu honetan.

Azkenik, ikastolak eskerrak eman nahi dizkio Udalari prestatutako ekimenetan eman duen laguntzarengatik. Adibidez, telazko poltsa asko lortu zituzten Udalari esker. l