- Usurbilgo Udalak 2,6 milioi euro bideratuko ditu aurten hainbat obra eta bestelako inbertsioak egiteko. "Inoiz Usurbilgo Udalak bideratutako diru kopuru altuena da", adierazi zuten Udal Gobernuko ordezkariek prentsaurrekoan. 2022rako iazko azaroan onartutako aurrekontuetan 1,6 milioi euro gorde ziren obretarako eta inbertsioetarako. Orain, berriz, 2021eko kontuak likidatuta, beste milioi bat euro bideratuko dituzte 2022ko kontuetatik kanpo gelditu ziren beste proiektu batzuk gauza-tzeko.

Milioi euro gehigarri horrekin zein proiektu gauzatu erabaki du dagoeneko udal Gobernuak, eta horren berri eman dio oposizioari. Diru inbertsio potolo bat zaintza eredu berrian sakontzeko erabiliko da: ekosistema berrirako eraldaketaren inplementaziorako bide-orria prestatzeko, Txirikordako ekipamendua lizitazitatzeko eta Matiaren egoitza eta Kalezarrerako igogailu berria eraikitzen hasteko.

Gainera, auzoen bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak burutuko dira Aginagan, Etxealdian eta Kalezarren. Ingurumenaren zaintzan eta paisaia kalitatean ere hobekuntzak burutuko dira, Udalaren digitalizazioa bultzatuko da eta Sutegiko lanak burutuko dira.

Diru gehigarri hori erabili ahal izateko kreditu aldaketak egin behar izaten dira, eta, oraingoz, lur erosketa Aginagan aparkalekua egiteko eta Sutegiko obrentzako onartu zen kreditua lehengo asteko Ogasun ba-tzordean, premiarik handiena duten bi proiektuak direlako. Alde EH Bilduk eta PSE-EEk bozkatu zuten eta EAJk abstentziora jo zuen. Datozen hilabeteetan beste bi kreditu aldaketa egingo dituztela iragarri zuten, udan eta udazkenean. l