- Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak X. Maratoia ez ezik, X. Maratoialdia ospatzea erabaki dute aurten, Euskaraldia ere barne hartuta. Azkeneko ekimen honen aurkezpena gaur 19.00etan izango da Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan herritar guztiei irekia.

Arratsaldean beraz, Maratoialdiaren xehetasunak, abestia, bideoklipak eta irudiak aurkeztuko dira, eta, nola ez, Zortzikoteko kideak ere bertan izango dira, "denok tarte dibertigarri bat pasatzeko". "Barreak ziurtatuta" daudela aurreratu dute antolatzaileek. Bea Egizabal artista izango da ekitaldiaren aurkezlea. Ondoren, gerturatzen diren guztientzako askari goxoa eskainiko da kultur etxeko kafetegian.

Mari Karmen Ormazabalek, Ttakuneko lehendakariak, lasarteoriotar guztiei luzatu die gonbita: "Aurtengoa X. Maratoialdia da eta asko dugu ospatzeko. Bederatzi ediziotan milaka momentu gogoangarri sortu dira, eta aurten ere, beste horrenbeste sortzeko ilusioz gabiltza lanean".

Bestalde, Jon Antxordokik, Euskara Batzordeko lehendakariak, gogorarazi duenez, sei urte itxaron behar izan da Maratoia ospatzeko eta aurtengoa oso berezia izango dela aurreratu du. "Horrez gainera, Euskaraldiaren urtea ere badenez, ekitaldi biak uztartu nahi izan ditugu. Horregatik, udazken honetarako lasarteoriatarrentzako eskaintza berezia ari gara prestatzen Udala eta Ttakun elkarlanean", gaineratu du Euskara Batzordeko lehendakariak.

2016an ospatu zen azken Maratoia, eta Maratoiaren ondoren 40 egun euskaraz egiteko erronka egin zen. Erronka horretarako sortu ziren Ahobizi eta Belarriprest figurak, eta 2018tik nazio mailan bi urterik behin ospatzen den Euskaraldiak bere egin zituen, Lasarte-Oria euskalgintzaren erreferente bihurtuz. l