- Azkoitian dena prest dago herritarrentzat eta bisitarientzat hain erakargarria izaten den Aste Santua ohiko modu tradizionalean ospatzeko, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren.

Urola Erdiko herrian ohitura denez, Aste Santuko ospakizunak Erramu Igandeko prozesioarekin, erramuen bedeinkapenarekin eta meza nagusiarekin abiatu zituzten igandean.

Jardunaldi horretan gerren kontrako eta bakearen aldeko mezuak nagusi izan ziren. Izan ere, parrokiatik herriko plazara burutu zen prozesioa Gerrarik ez lelopean egin zen eta erramu adarrak bedeinkatzeko ekitaldian usoak aireratu zituzten "bakea munduan zehar zabaltzeko".

Azkoitiko Aste Santuan bete betean murgiltzeko, haur eta gaztetxoentzako ospakizuna eta bisita gidatua izango dira ostegunean (11.00etan) parrokian. Egun berean, parrokia eta Aste Santuko irudiak ezagutzeko bisita gidatua (12.30ean), erderazko meza (17.00etan Santa Klara elizan), Jesusen Afariaren Ospakizun Meza (19.00etan parrokian) eta Gau Gurtza (21.00etan) izango dira.

Edonola ere, Ostiral Santua izango da jai hauetako egunik bereziena Azkoitian. Egun horretan 9.00etan irekiko dute eliza gogoetarako eta bisitarako; 11.00etan Gurutze Bidea egingo dute eta 12.30ean Azkoitiko Gune Historikoa izeneko bisita gidatua izango da (parrokiatik hasita). Arratsaldean, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna egingo da Santa Klarako elizan (16.00etan) eta horren ondoren Aste Santuko unerik hunkigarrienak bisiko dira herrian, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna eta prozesioarekin (17.00etan, parrokian) eta Hilobirako Prozesio Santuarekin (21.30ean).

Larunbatean Pazko Gaubeila ospatuko dute parrokian (21.00etan), eta igandean Pazko Meza Nagusia izango da (11.00etan parrokian).