- Astigarragako haurreskola berria Kontxa Etxeberria plazan egin da eta bihar inaugurazioa izango du. Udaletik jakinarazi dutenez, 17.30ean inaugurazio ekitaldia izango da eta ondoren ate irekiak eta bisita gidatua ipuin kontalari batekin egongo da, 18.00etan eta 18.30ean.

Haurreskola berriaren diseinuan zuzenean parte hartu dute Astigarragako haurreskolako hezitzaileek; izan ere, Udalak argi zuen ezinbestekoa zela hezitzaileen iritzia kontuan hartzea, "beraiek ezagutzen dituztelako inork baino hobeto haurreskolaren funtzionamendua eta beharrak".

"Prozesu horretan, herri desberdinetako haurreskolak bisitatu genituen eta beste hezitzaile batzuekin ere gure kezkak partekatu genituen. Hainbat lan bilera egin genituen eta planoekin aurrera eta atzera ibili ginen, apirilaren 6an inauguratuko dugun haurreskola diseinatzera iritsi arte", azaldu dute Udaletik.

Haurreskolara sartu eta hezitzaileentzako harrera bulegoa, elkargunea (bilera-gela, jantokia...) eta zerbitzuetarako gelak daude (haurren aulkitxoak gordetzeko gela, garbiketarako gela...). Haurrentzat zortzi unitate edo gela daude, zero eta bat urtekoentzat lau unitate eta bat eta bi urtekoentzat beste lau unitate. Horrez gain, erabilera anitzeko gela handi bat ere badu haurreskolak.

"Gelak diseinatzerakoan oso kontuan izan dugu ikasgelen arteko ikus-komunikazioa ziurtatzea", gaineratu dute.

Kanpoko jolaslekuari dagokionez, kaleko espazio publikoa aprobetxatu da eremu handi bat sortzeko. Horretarako, etxebizitzen blokearen jabeekin akordio batera iritsi ziren aterpea ere jolasleku horretan integratzeko. "Oso espazio erosoa geratu da, aterpea eta berdegunea dituena eta orientazio egokia du eguzkiaz gozatzeko", komentatu dute haurreskolako arduradunek.

Haurreskola egokitzeko obraren kostua 1,25 milioi eurokoa izan da (BEZ barne) eta lokala Udalak jarri du. Haurreskola berriak 790 m2-ko azalera du. Proiektua Estudio Torre Elorduy, SLP Arquitectura y Urbanismo arkitektura estudioak idatzi du eta obrak Altuna y Uria SA enpresak egin ditu.

Udalak haurreskola berria Haurreskolak Partzuergoari lagako dio, kudeatu dezan.